Teknologia albisteak

Bazkide zenbaki bakarra izango dugu laster EAEko udal liburutegi guztietarako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-11-19 : 10:11

EAEko udal liburutegi guztietan bazkide zenbaki bakarra erabiltzeaz gain, Internet erabili ahal izango dugu liburutegi horiekin guztiekin gestioak egiteko. Bestalde, esperientzia pilotu bat abiaraziko dute EAEko hiru hiritan; administrazioaren eta herritarren arteko gestio guztiak Internet bidez egiteko liburutegiko bazkide txartela erabiliko dute.

EAEko gero eta udal liburutegi gehiago sare orokor bakarrean sartzen ari dira, Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalean, hain zuzen ere. Txertaketa hori hainbat alditan egiten ari da EAEn; batzuk lehenago sartu ziren eta orain ari dira sartzen beste batzuk.

Liburutegira joan gabe, Internetez egin ahal izango dira eskariak

Liburutegietako bazkideek zenbaki bakarra izango dute sareko liburutegi guztietan erabiltzeko. Aldi berean, Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalaren webgunean zenbakia eta klabe pertsonala sartuta, herri bakoitzeko zein sare osoko dokumentuen katalogoa ikusi, dokumentuak eskatu, epeak luzatu eta bestelako hartu-emanak egin ahal izango dira.

Sistema prest hiru hilabete barru

Egunotan, liburutegi gehienak sistema berrira moldatzen ari dira. Bazkideen datu batzuk Interneten egongo direnez, abisatu egingo diete, legeak behartzen duelako baimena ematera. Oraindik ez dago esaterik sistema berria noiz egongo den prest, baina, seguruenik, datozen bi edo hiru hilabeteetan izango da.

Sinadura elektronikoa erabiltzeko egitasmo pilotua

Sinadura elektronikoa proban jartzeko egitasmo pilotua abiaraziko du Jaurlaritzak Arrasaten, Laudion eta Leioan. Udalen eta hiritarraren artean telematika bidezko harremanak izateko balioko du sistemak. Horretarako, liburutegiko bazkide txartel berria aterako dute, ziurtagiri elektroniko bat-edo izango litzatekeena.

Izenpe izeneko enpresa arduratuko da txartelak egiteaz eta gestionatzeaz. Horretarako, liburutegiko erabiltzaileen datu basea hartu eta sinadura digitala daraman txartela emango diete erabiltzaileei liburutegiko zaharraren ordez.

Egitasmoa erabat berria da, eta etorkizunean administrazioaren eta herritarren arteko harremanak bideratzeko moduaren adierazgarri izatea da helburua. Etxeko ordenagailuen hedapena eta Internet erabiltzeko joera gero eta handiagoa kontuan hartuta, Jaurlaritza dagoeneko hasi da telematika bidezko administrazio harremanak ikertzen.

Identitate digitala

Administrazioarekin izan ahal diren harremanak errazteko modua da egitasmo hori, Internet bitarteko delarik. Norberak besterenezina eta bakarra den sinadura digitala edukiko du, administrazioarekin eta udal zerbitzuetan erabili ahal izango dena. Datuen sekretutasuna eta segurtasuna bermatzea da Izenpe enpresaren helburua; azken baten, datu pertsonalak edukiko ditu txartelak, nortasunen ordezkatzea saihestuz. Izan ere, identitate edo izaera digitala eskaintzen dio sinadura elektronikoak erabiltzaileari.

Liburutegiko bazkideei euren txartelak Izenpe erakundeak jaulkitakoengatik aldatuko dizkiete, eta, hortik aurrera, etorkizunean, administrazioaren izapideetan erabili ahal izango dira.

Erantzun

Sartu