Teknologia albisteak

Urola-Kostako HITZAk sarean jarri du webgunea

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Berasaluze - Urola-Kostako HITZA
2004-11-11 : 16:11

Gaurtik aurrera, Urola-Kostako HITZAk webgunea izango du sarean: www.urola-kostakohitza.info. Helbide horretan, egunero Orio, Aia, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa, Aizarnazabal, Errezil, Azkoitia, Azpeitia eta Bezaman banatzen den euskarazko zortzi orrialdeko egunkariaren eduki osoa izango da irakurgai eta, era berean, edizio jarraitua ere izango du, azken orduko berriak bilduz.

Hauxe da helbidea: www.urola-kostakohitza.info

Paperezko edizioaren aurreko aleak ere ikusteko aukera izango da, webgunearen hemerotekan. Paperezko edizioan hainbesteko estimua duten zorion agurrek, berriz, atal berezia izango dute webgunean, eta egunean eguneko zoriondu guztien argazkiak izango dira ikusgai.

Paperezko edizioan agertzen diren kontuez eta azken ordukoez gain, ordea, webguneak beste hainbat eduki ere baditu. Besteak beste Merkatu Txikia [iragarki laburrak eta antzekoak], Irudietan [herri bakoitzeko argazkiak. Oraingoz orokorrak sartu ditugu batez ere, baina bilduma zehatzak egingo ditugu denborarekin: plaieroak, Koadrilen Eguna, inauteriak, eta abar], Zerbitzuak [farmaziak, herri bakoitzeko telefono interesgarriak, Internet helbideak…], Eztabaida [aktualitateko gai jakinen ingurukoa] eta Inkesta.

Agenda, erabiliena

Webgunearen atal erabilgarrienetakoa, azkenik, agenda da. Egunean eguneko ekitaldiak ez ezik, kazetariek hurrengo aste edo hilabeteetakoak ere sartuko dituzte, eta atal hori bisitatzen duenak ikusgai izango du ekitaldien zerrenda. Halaber, agendan norbere ekimenen berri emateko aukera ere badu webgunea bisitatzen duenak, ekitaldi horien berri kazetariek eman beharrik izan gabe. Agenda, eztabaida eta inkesta atalak, beraz, erabiltzaileek osatu ditzaketen atalak dira.

Erantzun

Sartu