Teknologia albisteak

Euskaldunek eta zeltek gene berdintsuak dituzte

Erabiltzailearen aurpegia
Leire Kortabarria - Goienkaria
2004-11-08 : 13:11

Euskaldunen familia genetikoaren gaineko hipotesietako batek indar handiagoa hartu du egunotan, izan ere, Britainia Handiko David Goldstein ikertzaileak euskaldunek eta zeltar herriek duten kromosoma bat ia guztiz berdina dela antzeman du.

Euskaldunak eta zeltak senideak dira. Hala dio, behintzat, University College London (UCL) unibertsitateko David Goldstein ikertzaileak, bi herrion geneak ikertu ondoren. Horrela argitaratu du Britainia Handiko BBC kateak. Artikulu osoa -ingelesez- hemen irakurri daiteke.

Euskaldunen eta zelten jatorri genetikoaren gainean froga zientifikoak ematen dituen lehen ikerketa dugu hau, arduradunek diotenez behintzat.

Ia bananduezinak

Ikerketa horren helburua ez zen lotura hori frogatzea, baizik eta vikingoen gene ekarpena aztertzea. Baina ikertzen ari zirela, konturatu ziren zeltar jatorrikoek Y kromosoman aldaketa gutxi zituztela. Horren zergatiaren bila, euskaldunen geneekin konparatu zituzten haiek. Y kromosoman, zeltak eta euskaldunak estatistikoki bananduezinak dira, dio Goldsteinek. Konparaketarako, Galesko iparraldeko, Irlandako eta Euskal Herriko bizilagunen kode genetikoa erabili zuten.

Hala ere, ez da argi geratzen lotura genetiko hori euskaldunen eta zelten artekoa bakarrik den, edo esan nahi duen, soilik, herri biak Europako antzinako populaziotik bizi iraun duten taldeak diren.

Erantzun

Sartu