Teknologia albisteak

Alaska: "Merkatu librean bizi gara, baina diskoak merkeago sal daitezkeela uste dut"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - "Goienkaria"-tik
2004-11-05 : 14:11

Halloween gaua Bergarako Jam aretoan ospatu zuen Fangoria musika taldeak, kaleratu berri duten lana aurkezteko. Horren harira, Olvido Gara "Alaskari" elkarrizketa egin zion Oihana Elortzak. Musikaz, ordenagailuez eta pirateriaz aritu zen, besteak beste.

Fangoria taldea Halloween gau batean aurkeztu zuten, 1989an, eta harrezkero urtero ospatzen dute Domu Santu bezperako egun hori. Aurten Bergarako Jam aretoan izan dira. Alaskak sasoiko jarraitzen duela erakutsi zuen gainezka egon zen Jam aretoan.

Goienkaria-ri eskaini zion elkarrizketan esandako batzuk ekarri ditugu Sustatura, interesgarri izan daitezkeelakoan.

Pirateriak hondoratu du musikaren industria?

"Arazo handienetakoa izango da, bai, baina artista eta industria ez dira gauza bera. Guk industrien beharra daukagu jendearengana hurbiltzeko eta egiten dugun produktua saltzeko. Egin dezakezu, bestela, zeure etxean maketa grabatu eta Internet bidez saldu. Musikan ere, ontzioletan gertatzen den gauza bera gertatzen da: eraberritu egin behar dela."

"Pirateriaz gain, ordea, beste ardura batzuk ere baditu musika industriak: musika ez da kultura bezala onartzen, telebistek ere ez dute musikaren aldeko apusturik egiten eta beste hainbat gauza. Bestetik, onartu behar da diskoak saltzeko sortu diren multinazional berak sartu direla diskoak kopiatzeko merkatuan."

Diskoek arrazoizko prezio bat izan behar dute

"Produktuaren kostua bat da eta horren propaganda beste bat, eta hortxe egiten dute gora prezioek. Hala ere, merkeagoak izan daitezkeela uste dut; guk, adibidez, prezio merkeagoak jartzen ditugu. Baina merkatu librean gaude eta ezin diozu denda bati inposatu salmenta prezioa, eta hori ez da justua. Guk gutxiago jasotzen dugu, baita konpainiak ere, baina ezin dugu dendarena kontrolatu."

Diruaren gorabeherak

"Nacho Canut eta biok sekulako zortea dugu gustatzen zaiguna egiten dugulako. Banatzen diren talde askok diote diskoa inork argitaratu nahi ez dielako banatzen direla. Ba eurek atera dezatela, guk ere horixe egin genuen-eta. Guk badakigu zer den milioi bat disko saltzea eta baita diskoa geuk atera behar izatea ere, inork kaleratu nahi ez zigulako. Badakigu zer den denek kontratatu nahi zaituztela ikustea eta baita kontzertuak norberak antolatu behar izatea ere. Moldatzen ez denak egiten duena benetan gustatzen ez zaiolako dela uste dut."

Mac-ak

"Buruhandia deitzen zioten modeloa eduki genuen lehenengo. Harrezkero, makina bat izan ditugu eta aspaldi ez dugu hura piztu, baina denak gordetzen ditugu, baita haurrendako egin zuten eskuko ordenagailu bat ere."

80ko hamarkada

"Gogoratu, gogoratzen dut, nire bizitzaren parte direlako, baina nik bizi izan ditudan urteak ez zaizkit batere axola; niri 50eko hamarkada interesatzen zait, ez 70, 80 edo 90ekoa. Orain, gainera, historia ikasten ari naiz, beraz, bizi ez ditudan garaiak askoz gehiago interesatzen zaizkit."

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago