Sakelako telefonoetara ere iritsi da spama
Duela urtebete inguru eman genuen berria Sustatun: Bonbardaketa publizitarioa sakelako telefonoetan. Baina, orduan, Japoniako eta AEBetako erabiltzaileak ziren bonbardaketa hori jasaten zutenak. Orain, guregana ere iritsi da eta geroz eta erabiltzaile gehiagok sufritzen dute spam bonbardaketa sakelako telefonoan.
"Erabiltzaileek eman dute baimena"
Enpresek diote erabiltzaileak berak eman diela horretarako baimena. Baina, kasu askotan, erabiltzaileak kontsultarako telefono gisa eman du bere zenbakia, ez publizitatea jasotzeko.
AEPD (Datuen babeserako Espainiako agentzia) erakundearen arabera, erabiltzaileak bere kabuz emandako edozein datu (telefonoaren zenbakia edo etxeko helbidea, adibidez) publizitate-asmoekin erabili daiteke.
Komertzio elektronikoaren eta informazio gizartearen zerbitzuen gaineko Espainiako legearen (LSSICE) arabera, eskatu gabeko mezu komertzialak bidaltzea ez da delitua, arau-urratze administratiboa baizik. Enpresek badute bezeroei eskatu gabeko korreo komertziala bidaltzeko eskubidea, beti ere, bezeroak horrelakorik gehiago ez jasotzeko eskaera egiteko aukera badu.
Tonuak, logoak, lehiaketak... enpresa komertzialen bideak
Sakelako telefonoetara publizitate-mezuak bidaltzen dituzten gehienak telefonia enpresak eurak dira. Doako mezuak direla diote enpresek, baina GPRS bidez bidalitako mezuak badira eta erabiltzailea Espainiatik kanpo badago, bidalketaren zati bat ordaindu beharko du.
Poltsikoko telefonoaren zenbakia lortzeko beste bide bat dira tonu eta logoak jaistea edo lehiaketetan parte hartzea. MyAlert enpresak, adibidez, bide horietatik eskuratutako zenbakietara publizitate-mezuak bidaltzen ditu.
Ez da erraza baja ematea
Hala ere, beti ez da erraza izaten enpresari eskatzea publizitate-mezurik ez bidaltzeko, legeak prozedura hori erraza, doakoa eta eraginkorra izan behar duela esan arren.
Informazio gehiago El Periódico de Catalunya-ko albiste honetan.
Erantzunak kargatzen...