Teknologia albisteak

Jaurlaritzaren eskaera fiskalari: PeriodistaDigital-en aurka esku hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-11-04 : 10:11

Urriaren 21ean PeriodistaDigital.com-ek Ibarretxeren gaineko albiste bat argitaratu zuen. Ibarretxek arazo psikikoak dituela baieztatzen da albistean, beste hamaika zentzugabekeriaren artean. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak Estatuko Fiskal Nagusiari eskatu dio PeriodistaDigital.com-en aurka neurriak hartzeko.

Urri bukaeran argitaratu zen Ibarretxeren gaineko albistea, PeriodistaDigital.com-en. Albistean Ibarretxeren osasun psikikoaren gaineko baieztapen batzuk ageri dira. Horien artean, "trastorno bipolar maniatiko-depresiboa" duela-eta, tratamendu psikiatrikoa jasotzen ari dela esaten da. Ibarretxeren inguruko pertsonak aipatzen ditu iturri bezala.

Orain gutxi Madrilen izan zen presidente autonomikoen biltzarra. Ibarretxek ez zuela asmorik joateko azaltzen du periodistadigital-ek eta horren arrazoia zela lehen aipatu trastornoa eta tratamendua. Hala ere, esandakoaren kontra, eta denok ikusi dugun moduan, egon zen Ibarretxe biltzar horretan.

Neurriak hartzea

Eusko Jaurlaritzak eskatu dio Estatuko Fiskal Nagusiari nerruiak hartzeko PeriodistaDigital.com-en aurka. Ibarretxeren aurkako ustezko kalumnia delituagatik egiten du eskaera. Lehendakariaren ohorea babestu nahi du Jaurlaritzak.

Estatuko Fiskal Nagusi Candido Conde-Pumpidori eskaera publikoa egin zion Miren Azkaratek; PeriodistaDigital.com-en kontrako neurriak hartuko ote dituen galdetu zion.

PeriodistaDigital.com-en argitaratutako albistea eraso onartezina dela eta adierazpen askatasuna gainditzen duela adierazi zuen Azkaratek, gogor gaitzetsi zuen gertatutakoa. Gainera, Azkarateren hitzetan, zoritxarrez, mota honetako albisteak maiztasunez argitaratzen direla gaineratu zuen. Gertatutakoa edozein demokraziatan entzungabekoa eta pentsaezina dela gaineratu zuen.

Azkaratek azaldu zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela Periodistadigital.com egunkariaren aurkako neurriak hartzeko asmorik.

PeriodistaDigital

David Rojo kazetariak zuzentzen du PeriodistaDigital.com; bertan, beste komunikabideetako informazioak argitaratzen dira normalean. Hala ere, eduki propioak ere helarazten dira. Orain urtebete oihartzun handia izan zuen Rojok Tony Alexander King-i (bi neskaren ustezko hiltzailea) kartzelan egindako elkarrizketak. Rojok akusatuaren abokatu papera eginda lortu zuen elkarrizketa hori.

PeriodistaDigital.com-en albisteak irakurri ahal izateko, erregistratuta egon behar da. Albiste osoa www.paz-digital.com webgunean ere irakurri daiteke. Artikuluaren izenburua: "Las razones de Ibarretxe ¡Qué difícil es evitar las traiciones!

Erantzun

Sartu