Poxpolin zinta zaharra Interneteko piraten sareetan
Irakaskuntzan urteren bat edo beste daramatenek ezagutuko dute Poxpolin zinta famatua. Orain Interneten dago eMule/eDonkey-ren sarean deskargatzeko moduan.
Duela 30 urte inguruko zinta da, eskuz grabatu, margotu eta banatutakoa. Garai haietan euskal kantuak ikasteko zinta gutxi zegoen haurrentzat, eta irakasle talde baten ekimenez hainbat kantu bildu ziren. Gero, grabaketak egin eta zintak banatu zituzten.
Guztira 47 kanta
Grabaketa oso primitiboa da, medio oso gutxirekin egina eta kalitatean nabari da. Urteak ere ez ziren alferrik pasatuko, eta zinta ere ez dago egoera onenean. Hasieran kanta bakoitzaren letrak errezitatzen dira. Orain 30-etik gora eta ikastolan ibilitako edonork gogoan izango ditu hango hainbat kanta, seguru baietz.
Zintan 50 Abestiak umeentxat (sic) irakur daiteke, baina guk 47 bakarrik aurkitu ditugu. Horietako zenbait aipatzekotan:
- Xagu txiki xagu maite.
- Elurra teilatuan
- Zubiri zubiri
- Txalo pin txalo
- Horra hor goiko
- Mendizaleak aurrera
- Basatxoritxu
- Usoa ponporronila
- eta beste asko...
Orain MP3an
Zinta harribitxi bat delakoan, MP3-ra pasatu eta CD batetan grabatu dugu, galdu ez dadin. Ondoren, eMule/eDonkey sarean jarri dugu edonork deskargatzeko moduan. Horretarako nahikoa da konektatu eta poxpolin hitza bilatzea.
Hau egin dugu pentsatuz ez dugula orain egile eskubiderik urratuko, hainbeste urte pasa eta gero. Hala ere, norbaitek horrelakorik gertatzen dela ustez gero, esan dezala hemen bertan eta zuzentzeko bideak jarriko ditugu, noski.
Informazio gehiago
Zinta honen sorkuntzaz informazio gehiago duenari eskertuko diogu hemen idaztea, gehiago jakin dezagun: nork kantatu zuen, nork egin zuen azala, banaketa nola egin zen eta abar.
Eskuz margotutako zintaren azala hor jartzen dugu, zertaz ari garen ikus dezazuen.
Erantzunak kargatzen...