Teknologia albisteak

Futbol zale askoren ametsa bete du Web Football Club-ek

Erabiltzailearen aurpegia
Usoa Agirre
2004-10-29 : 10:10

Zenbatek daki futbolaz gure artean? Jende askok, itxuraz. Astelehenero aritzen dira futbol zaleak "jokalari hau atera behar zuen" eta horrelakoak esaten entrenatzaileak balira bezala. Bada, Frantziako futbol talde bateko entrenatzaileak zaleak beraiek dira eta webgune baten bidez ematen dituzte iritziak. Futbol zale askoren ametsa, dudarik gabe.

Frantziako ipar-mendebaldean dagoen Caen herrikoa da Web Football Club. Frantziako Futbol Federazioko kide da eta bere barrutiko bigarren mailan jokatzen du. Itxuraz, dena da normala, baina badu berezitasuna: jardunaldi bakoitzerako hamaikakoa futbol zaleek edo "entrenautek" emandako iritziekin osatzen dute. Zale horiek taldearen webgunean ematen dituzte iritziak, benetako entrenatzaile modura.

Hiru urte eta 2.950 entrenauta

Duela hiru bat urte jarri zuen martxan Frédéric Gauquelinek ideia hau eta, egia esan, ez doakie hain gaizki. Aurtengo denboraldian laugarren postuan daude.

Taldearen partidu guztiak filmatzen dituzte eta gero webgunean jarri, zaleek akatsak-eta ikusi ditzaten. Hamaikakoa eta beste hainbat aukeraren gaineko iritzia eta botoa ematen dute zaleek jardunaldi bakoitzaren aurretik. Gainera, jokalariren bat ez badago gustura entrenautek egindako aukerarekin, horren gaineko iritzia eman dezake webguneko foroan.

Dagoeneko 2.950 dira "entrenautak" eta horietatik 600 bat dira astero iritzia ematen dutenak. 13 eta 60 urte artekoak dira zaleak, ia denak gizonezkoak (%15 inguru dira emakumezkoak), eta frantsesez hitz egiten den herrialde ezberdinetakoak: Frantzia, Suitza, Belgika, Quebec, Malasia eta Afrikako hainbat herrialdetakoak.

Erantzun

Sartu