Sustatu logoa Teknologia albisteak

Alemaneko hitzik ederrena aukeratu dute: Habseligkeiten

Sustatu
2004-10-27 10:10

"Liebe" (maitasuna) zen faboritoetako bat, baina azkenean "Habseligkeiten" (ondasuna) izendatu dute alemaneko hitzik ederrena. Alemanaren Hizkuntza Kontseiluak eta Goethe Institut-ek izendatutako epaimahai batek egin du alemaneko hitz ederrenaren aukeraketa.

Ondasuna, ederrena

Ondasuna, ederrena

"Habseligkeiten"-en esanahia ondasuna da. Baina, ez dagokio ondasun materialari bakarrik, norberaren barruko baloreak adierazteko ere esaten da.

Bigarren lekuan geratu da "Geborgenheit". Honek ere hainbat esangura ditu: Nor bere baitan biltzea, lasaitasun egoera eta seguritatea.

Faboritoa zen "Liebe" (maitasuna) hirugarren lekuan gelditu da.

Milaka proposamenen artetik aukeratua

Abuztuaren 1ean jarri zuten martxan nazioarteko lehiaketa eta 111 herrialde ezberdinetako jendeak egindako 22.838 proposamenen artetik aukeratu dute "Habseligkeiten".

Epaimahaia Alemaniako 14 pertsona ezagunek osatu dute: Volker Finke Friburgoko futbol entrenatzaileak, Hebert Groenemeyer musikariak, Christian Kracht eta Uwe Timm idazleek eta Joseph Vilsmaier zine zuzendariak, besteak beste. Epaimahai horrek Hizkuntza Kontseiluak eta Goethe Institut-ek aurrez aukeratutako 95 hitzen artetik ederrena aukeratu behar izan du.

Sariketaren nondik norakoak dituzue hemen, alemanez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu