Teknologia albisteak

Irrati bidezko I. Aizkorpe Bertsolari Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia
Xenpelar Dokumentazio Zentrua
2004-10-25 : 10:10

Gipuzkoako Segura Irratiak antolatu du irrati bidezko lehenengo bertso txapelketa hau. Beraien maila aski frogatua izan, baina plazarako aukera handirik ez duten 16 bertsolari gipuzkoar aukeratu dituzte antolatzaileek txapelketarako. Azaroaren 11n hasiko da txapelketa.

Irati eta Ekaitz Goikoetxearen ekimenez antolatu dute txapelketa, Aizkorpe bailara osatzen duten bost udalek (Idiazabal, Mutiloa, Zerain, Zegama eta Segura) babestuta.

Hamasei bertsolari gazte aukeratu dituzte. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan final laurdenetan eta final erdietan arituak dira guztiak. Tartean bada finalista bat ere. Azaroaren 11n hasita, ostegunero 21:00etatik aurrera izango dira kanporaketak.

Bertsolariak

  • Azaroaren 11n: Iñaki Zelaia, Iñaki Gurrutxaga, Alaitz Sarasola eta Iñigo Izagirre.
  • Azaroaren 18an: Estitxu Eizagirre, Andoni Otamendi, Jokin Uranga eta Xabier Sukia.
  • Azaroaren 25ean: Aritz Zerain, Nahikari Gabilondo, Bixente Gorostidi eta Unai Muñoa.
  • Abenduaren 2an: Unai Agirre, Aitor Albistur, Iker Zubeldia eta Iñigo Manzisidor "Mantxi".

Epaimahaiko kideak: Martin Aramendi, Asier Oiarbide eta Migel Mari Imaz.

Kanporaketak, irratian bertan

Segura Irratiko estudioan bertan jokatuko dira kanporaketak, eta Segura Irratiaren sintonian, FMko 89.2an, jarraitu ahal izango dituzte entzuleek. Kanporaketa bakoitzean launa bertsolari arituko dira kantuan. Saio bakoitzeko lehenengo sailkatuak zuzenean lortuko du finalerako txartela. Saio bakoitzeko beste bertsolarien artean puntuaziorik altuena jasotako lehen biekin osatuko da abenduan jokatuko den finalerako seikotea.

Sariak

  • Txapelketan nabarmentzen diren lehen hiru bertsolariei datorren urtean, herriko festen nahiz kultur asteen barruan, saio bana eskaintzera konprometitu dira Segura Irratia eta Idiazabal, Mutiloa, Zerain, Zegama eta Segurako Udalak
  • Lehenengo bi sailkatuentzako GOITUR, Goierriko Turismoaren eskutik, nekazal etxe batean bi pertsonarentzako asteburu bateko egonaldia.
  • Entzuleentzako saria: Txapelketarako gaiak bidaltzea edo saioen inguruko balorazio eta iritzia ematea izango da entzuleen egitekoa. Partehartzaileen artean bi pertsonarentzako bina afari zozketatuko dira.

Erantzun

Sartu