Teknologia albisteak
3

Erakusleihoa 2004ko udazkena

Erabiltzailearen aurpegia
Ernest Lluch Kultur Etxea - Donostiatik
2004-10-20 : 12:10

Urte hasieran Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxeak abian jarri zuen ERAKUSLEIHOA programa. Egitasmoaren helburua da arte adierazpen ezberdinak lotzen dituzten sortzaileek formatu txikiko ikuskizunak jendaurrean ezagutzera ematea hilean behin. Urriaren 21ean hasiko gara Xabier Erkizia beratarrarekin, 19:30etan.

Ikuskizunek hauetako ezaugarriren bat dute:

  • Formatu txikiko espektakulu eszenikoak.
  • Berritzaileak edo esperimentazio eremuetatik gertu dabiltzanak.
  • Arte-disziplina ezberdinak lotzen dituztenak.
  • Bereziki eginikoak edo estreinuzkoak, ahal den neurrian.

Aurten, lehenengo lau hilabetean UZTAIL OPARO OSTEAN (Harkaitz Cano, Igor Calzada eta Oianko Txoperena), TÜSURI, TZESNE eta ESQALERA pasa dira.

Esan bezala, urriaren 21ean XABIER ERKIZIA arituko da gurean, Iratzarri: iratze eta harri ikuskizunarekin. Xabierren lana soinu, jende eta ideien nahasketan eta hauen sakontzean oinarritzen da, berdin kontzertu, inprobisazio edo bakarkako proiektuen bidez. Aldi honetan, ez-ohiko soka hirukote baten laguntza izango du eskenagainean Iñigo Telletxea (Bera), Maite Arroitajauregi (Eibar) eta Iñigo Ugarteburu (Zarautz) musikariekin. Lauek Erkiziaren Iratzarri izeneko konposizioa aurkeztuko dute, bereziki formatu eta ekitaldi honetarako prestatutakoa.

Azaroaren 12an, berriz, PAKO ARISTIren txanda izango da. Libreta horiko prolemak izena jarri dio ikuskizunari. Emanaldi berezia da hau. Olerki horien jatorrian dagoen jarrera estetikoa agertuko du Pakok, poemak esplikatuz eta agertuz. Musikak testuari eragiten dion aldaketa ere bertan ikusiko da musiko baten laguntzaz. Emanaldia izango da, baina baita poesiari buruzko ikastaro laburra ere, ordubetekoa.

Abenduaren 10ean YOLANDA CASTAÑO poeta galiziarra etorriko da. Herri horretako poeta gazte ezagunetarikoa dugu Yolanda. Ikuskizunak bi zati izango ditu: aurrenekoan, musikaz lagunduriko poesia errezitaldia izango da; bigarrenean, berriz, O vídeo da egoísta bideo-poema ikusteko aukera izango dugu.

Aurrerantzean ere, beste zenbait emanaldi izango ditugu. Norbaitek interesa izango balu bere proposamena gurean aurkezteko, idatz dezala amara@donostia.org helbidera.

Erantzunak

Julen
2004-10-20 : 22:18

Biharko emanaldi hau dohakoa al da?



Eskerrik asko :)

Donostia Kultura
2004-10-21 : 14:03

Kaixo Julen:



Erakusleihoan dauden emanaldi guztiak doakoak dira.



Eskerrik asko zure arretagatik.



Aio.



> Biharko emanaldi hau dohakoa al da?

>

> Eskerrik asko :)

Izar
2004-10-22 : 11:28

Azaroaren 12ko emanaldia ze ordutan izango da?

Erantzun

Sartu