Sustatu logoa Teknologia albisteak

ArtFutura Donostian eta Iruñean ere izango da aurten

Sustatu
2004-10-19 11:10

Iruñean, atzo hasi zen jaialdia eta urriaren 30era bitartean egingo da, Civicanek antolatuta. Donostian, berriz, azaroaren 12tik 14ra ikusi ahal izango dira, 3D-ko animazioan, bideoklipetan, film laburretan, arte digitalean, net.art-ean edota bideo-jokoetan azken berritasunak direnak. Edonostia izan da Donostiako edizioaren antolatzailea.

Gasteizen ere egongo da zer ikusi; aurten, hirugarren aldiz egingo baita ArtFutura jaialdia, Artiumen eskutik.

Donostia.Animatuz, euskal sortzaileei zuzendutako atala

ArtFuturarekin batera, Donostia.Animatuz atala antolatu dute Donostian, euskal sortzaileei zuzenduriko gune zabala. Atal horretan 2D edo 3D-ko grafismoan egindako filmak eta animaziozko film labur eta luzeak emango dituzte. Gainera, Donostiako Prestakuntza Ikastetxe desberdinetan ikasleek flash formatoan edo webguneetarako egindako hainbat lan esperimental aurkeztuko dituzte.

ArtFuturaren hamabosgarren aldia

ArtFutura jaialdia Bartzelonan jaio zen duela 15 urte. Aurten, urriaren 28 eta 31 bitartean egingo da. Hitzaldiak, mintegiak eta perfomanceak Bartzelonako Mercat de les Flors-en izango dira eta bideokonferentzia bidez Madril eta Valladolidetik ere ikusiko dituzte.

Proiekzioak zortzi hiritan izango dira: Bartzelonan, Madrilen, Iruñean, Valladoliden, Vigon, Gasteizen eta Donostian.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu