Teknologia albisteak
2

Nanobot, salba gaitzazu

Erabiltzailearen aurpegia
markos zapiain - Blogetik
2004-10-22 : 10:10

Eneko Astigarragak bere blogean iragarpen txundigarri baten berri eman zigun 2020 urte inguruan, ordenagailuak ez ditugu mahai gainean jarriko, ez digute tokirik kenduko, kanpoan beharrean barruan eramango baititugu, edo eramango gaituzte, burmuinetan itsatsirik, garunekin bat eginik.

Tomateak gero eta karratuagoak dira, kaxetako espazioa hobeki aprobetxatzeko, eta dirudienez laster izango dira zeharo karratuak.

Ildo berean, atzo Eneko Astigarragak bere blogean aipatutako iragarpen txundigarri horren berri eman zigun . 2020 urte inguruan, ordenagailuak ez ditugula mahai gainean jarriko barruan eramango ditugula. Sakonagoa izango da gure neuronen harremana “Nanobot” konputagailuarekin, gure jainkoekin, amaginarrebarekin edo telebistarekin baino.

Halaber, 2030 urte inguruan erdietsiko da alde biologiko handirik izan ez dadin hogeita hamar urteko gizaki baten eta ehun eta hogeiko baten artean: giza gorputzaren biokimika birprogramatu ahalko dugu.

Halako miragarriak entzunda eszeptizismoa nagusitu ohi da, telebistaren, koheteen eta interneten iragarpenen aurrean bezala behinola.

Hala ere, Astigarragarentzat sinesgarri samarrak dira eta Astigarraga bera ere sinesgarri samarra da.

Ondorioetako bat: Mendebaldean luzaro ezagutu izan dugun lehia gogorrak, hitzezko sendabideen eta pilulen artean, buru gaixotasunak, depresioak eta halakoak sendatzeko buruzagitza eta lehentasuna lortzeko, pilulen alde egingo du, baina itxuraldaturik. Geroak euskarri materialari eragingo dio, gizakiaren eta makinaren arteko fusioarena eta manipulazio genetikoarena izango da. Horrek mutazio txundigarri eta izugarriak ekarriko dizkio giza endari.

Bazen ordua!

Nik behintzat “Nanobot” bat lehenbailehen erosi eta nire barne-muinari aplikatuko diot, ea interesanteago bihurtzen naizen.

Erantzunak

Eneko Astigarraga
2004-10-26 : 14:12

Markos, beldur gehien ematen didana, erosi, errezetatu edo erregalatuko dizkiguten Nanobot eta garunen artean, gure buru koittaduetan sortuko diren saltsak dira. Sekulako komediak kaskarretan! :-)


Dena dela, kuriositateak eramanda www.nanobot.info webgunean ibili naiz gainbegiraka eta termino berria ikusi dut: medikuntzan eta farmakologian, gaixotasunei aurre egiteko nanobotak, medibot (medical nanobots) terminoarekin izendatzen dituzte.


Badirudi bada, urte batzuk barru Medibotak enkargatu ahal izango ditugula, baina momentuz mendi-botak jantzi eta horrelako gaixotasunak konpontzeko, edo interesanteagoak, lirainagoak, umoretsuagoak izateko, ibilaldi ederrak egin eta konformatu beharko dugula :-)


Beno, hitz jokoak eta bromak aparte utzita, eztabaida filosofiko garrantzitsua dago honen inguruan.


Erabili daiteke teknologia gizakiak, gizartea, giza enda, hobetzeko?


ona, etikoa edo zilegi da hori egitea?


Ez nago oso murgildua horretan, baina, besteak beste, hona hemen transhumanismoaren inguruan irakurri dudan erreferentzia


Ia beti bezala, seguruenez errealitateak eztabaida etiko edo filosofikoei, legeei edo erregulazioei aurrea hartuko die. Atzo, Markosek Mediboten erabilera bere inguru hurbilean aipatzen zuen


Bestalde Brain Gate edo Garunen ataria izeneko mikro-txipa asmatu omen
dute Cyberkinetics -ekoek eta Brain Gate hori neuronekin harremanetan jartzen omen da elkar ulertuz.


Momentuz 100 bat neuronekin komunikatzeko gai da (hori egiteko modu ezberdinak omen daude), eta neurona horietatik informazioa jasotzen du.


Total, tresna horren bidez eta soilik pentsakera erabiliz, paraplejiko batek e-postazko mezua bidali omen du


Suposatzen dut txip eta neuronen arteko komunikazio mota berri honi erabilera asko aurkituko dizkiotela horrelako egoeretan dagoen
jendearentzat eta familientzat. Bestalde, robot lagungarrien sormenean ari dira lanean . Seguru etorkizunean biak, garunetako mikro-txipak eta robotak, lotzen dituztela.


Izugarrizko abantailak momentuz paraplejikoak ez garenontzat ere. Mikro-
txipari esker, pentsatu ahala ordenagailua, mikro-uhinen aparatua,
garbigailua, ontzi-garbigailua edo beste mila aparatu edo robot erabiltzeko
kapazak izango gara!


... baina ez dakit horrek erakargarriagoak edo interesanteagoak egingo gaituen :-)


Eneko
2004-10-27 : 02:55

Oraindik frogetan, baina New Scientist-ek gaur dioenez, garun protesien arloan lehen urratsak eman dituzte. 2020rako prest izango dira? nork daki..


Erantzun

Sartu