Bi metro inguruko tximino erraldoia Kongon; espezie berria?
Orain agertu da albistea, baina badirudi aspalditik dabiltzala zientzialariak tximino horren atzetik.
Kongoko Errepublika Demokratikoan aurkitu omen dute tximino espezie berria. Txinpantzeen antzerako dieta eta itxura du (handiagoak dira, hala ere) baina gorilen antzeko bizimodua eta ibilera dute.
Tximino handi hau aurkitu duten lekuan, Kongo errepublikaren iparraldeko ohianetan, badaude txinpantzeak, baina gorilarik ez.
Hiru teoria daude zientzialarien artean:
- Tximino espezie berri bat da, simioen artean bosgarrena litzatekeena (gorilak, orangutanak, txinpantzea eta txinpantze txikia dira beste laurak).
- Txinpantze subespezie bat da, baina handiagoa eta gorilen antz handiarekin.
- Gorila eta txinpantzeen arteko nahasketa edo hibridazioa da.
Espezie berria dela baieztatzen bada, albiste izugarria izango litzateke zientzilarientzat, ez baita eguneroko kontua ugaztun espezie berri bat aurkitzea, eta are gutxiago gizakiongandik hain hurrean dagoen espezie bat gure artean dugula jakitea. Gainera, gizakion jatorria argitzeko datu gehiago ere emango lizkiguke.
Urte asko tximino hauen atzetik
Oscar von Beringe esploratzaile alemaniarrak tximino beltz handi batzuk ikusi zituen Kongoko iparraldean 1902an. Harrezkero, esploratzaile asko izan dira tximino hauen aztarna jarraitu dutenak.
Ammann argazkilari suitzarrak tximinoei argazkiak egitea lortu zuen 2000. urtean.
Aurten, berriz, Shelly Williams primatologoak tximino hauek bideoan grabatzea lortu du. Williamsek Jane Goodall fundazioarentzat egiten du lan.
2003ko apirilean eman zuten tximino hauen berri National Geographic-en webgunean. Azken asteotan berriro bizitu da eztabaida, eta hainbat erreferentzia aurkituko ditugu Interneten.
Hainbat erreferentzia:
Ingelesez:
- http://news.bbc.co.uk
- www.animal.discovery.com
- http://portal.telegraph.co.uk
- www.theaustralian.news.com.au
Gazteleraz:
Erantzunak kargatzen...