Etxeko animalientzako osagarrien merkatua geroz eta zabalagoa da. Urtean milioika euro mugitzen dira merkatu horretan. Orain, telefono enpresa batek, bere bezeroei zerbitzu hobea eman nahian edo, animalientzako lehenengo poltsikoko telefonoa kaleratu du: PetsCell. Txakurrentzako DVDa ere egin du beste enpresa batek.
PetsCellaren fabrikatzaileek (PetsMobility izeneko enpresa) eta saltzaileek azaldu dute telefono horrek balioko duela nagusiak animalia ikusten ez duenean, hari aginduak emateko. Esan dutenez, erreminta baliagarria izan daiteke jabeak arazoren bat duenean animaliari hots egiteko.
Beste erabilera bat ere izango luke: animalia galduz gero, aurkitzen duenak botoi bati zapaldu eta jabearekin harremanetan jartzeko aukera izango du.
Beste asmakizun xelebre bat da txakurrentzako DVDa, The movie for dogs izena duena. Filmean txakur ugari agertzen da zaunkaka eta jolasean. Produktua egin duen enpresaren helburua da animalia bakarrik ez sentiaraztea jabea falta denean.
Filmak ordubete eta 13 minutuko iraupena du eta erreproduzitzailea ez bada itzaltzen, automatikoki hasten da berriz hasieratik. Hala, jabea etxera itzuli arte filma ikusten egoteko aukera du txakurrak. Eszena batzuk ikusteko aukera duzue helbide honetan: www.themoviefordogs.com
Erantzun
Sartu