Galanta. Modako hitza bilakatuko dugu. Galanta montatu da aurten lehiaketarekin ere. Xabier Montoia eta Jon Alonsok, Euskadi sarietako paperak sinatu ez, eta lehiaketatik at utzi dituztenean, epaimahaikoek, beren liburuak ere epaituko dituzte. Ahoa bete hortz, aizue! Inoiz aldatuko al dute normatibarik?
Iaz hasi zen afera hau. Sustatun izan genuen horren berri. Zerbait eztabaidatu zen, eta gero epaimahaikoek agiri bat plazaratu zuten. Ez zitzaien ordea kasu askorik egin.
Orduan epaimahaiko zen Jon Alonso, hautatua izan da aurten. Koherentziaz, ez du Jaurlaritzako Kultura sailetik igorritako agiririk sinatu. Berak sinatutako gutuna irakurri genuen Berrian. Bidelagun izan du Xabier Montoia ere, inoiz Euskadi saria irabazitakoa. Gogoan dut, orduan bere anaiak "jaso" zuela saria. Kanpoan zen nonbait Montoia.
Biak, finaletik kanpo uztea erabaki zuen normatibak. Eta epaimahaiak ordea, bere obrak ere aintzat hartuko dituela. Eta beste agiri bat kaleratu dute.
Galanta montatu da, baina ez daukagu bertsio ofizialik. Ez dakigu inoiz normatibarik aldatuko ote den.
Nik iazko itaunak ditut oraindik gogoan. Errepikatzeko moduan nago, beraz:
Zer diogu guzti honetaz irakurleok?
Saridunari sinatuarazi behar al zaio? Zer bilatzen du sinadura horrek?
Zelan egiten dute beste Kultura eta literatura batzuetan?
> Zer diogu guzti honetaz irakurleok?
Ikusten duanez, irakurleok guzti honetaz ez diagu zer esanik.
Edo bazitekek, bestela, irakurlerik ere ez egotea.
Beharbada, fikziozko lanik onenaren Euskadi Saria Ibarretxe Plana idatzi duenari eman beharko litzaioke. Lastima, ez zekiagu zein den. Ez huen ba Anjel Lertxundi izango?