Teknologia albisteak

Elhuyar aldizkariak erraustegiei buruzko dosierra argitaratu du

Erabiltzailearen aurpegia
Nerea Goizueta - Elhuyar Fundazioa
2004-10-04 : 10:10

Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariak erraustegiei buruzko dosierra argitaratu du urriko zenbakian

Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariak erraustegiei buruzko dosierra argitaratu du urriko zenbakian.

Pil-pilean dagoen gai hau sakon, zabal eta ikuspuntu tekniko batetik aztertzen da

Usurbilen, 2004ko urriaren 1a

Erraustegiei buruzko dosierra argitaratu du Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariak urriko zenbakian. Errauskailuak nolakoak diren, errausketan zer prozesu kimiko gertatzen diren, zer substantzia sortzen diren, horiek osasunean zein eragin duten, nola trata daitezkeen, zein beste aukera dauden... Horretaz guztiaz informazioa ematen da dosierrean, eztabaidatik apur bat urrunduta, baina eztabaidarako datuak eskainiz. Dosierra osatzeko, hainbat alorretako adituak elkarrizketatu dira eta batzuen eta besteen iritziak azaltzen dira.

Puntu hauek landu dira dosierrean:

  • Zaborra kudeatzeko Euskal Herrian martxan dauden eta martxan jarriko diren egitasmoak.
  • Erraustegiek nola funtzionatzen duten, eta nolakoak diren Euskal Herrian dagoeneko eraiki dituztenak eta eraiki nahi dituztenak.
  • Errausketan sortutako substantziak. Zein diren eta zein prozesutan, nola eta zenbat sortzen diren, erraustegietan eta erraustegietatik kanpo.
  • Errausketa eta osasuna. Erretzean sortzen diren konposatuek, dioxinek, bereziki, osasunean duten eragina.
  • Aukerak. Errausketa alde batera utzita, zaborra kudeatzeko beste bideak zein diren eta horien alde onak eta txarrak.

Informazio gehiagorako, jarri gurekin harremanetan:

Eider Carton. Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zuzendaria.

Erantzun

Sartu