Gbrowser.com: Googleren nabigatzaile berria?
Oraingoz, zurrumurruak besterik ez dira, baina badirudi Google Interneteko nabigatzaile propioa garatzen ari dela, Mozillan oinarrituta.
Jason Kottke diseinatzaileak bere weblogean dioenez, Google nabigatzailea garatzen ari da. Mozillan oinarritutako nabigatzaile hori Googlen produktu berrien euskarria izango litzateke. Gbrowser.com deituko litzateke nabigatzaile berria; 2004ko apirilaren 26an erregistratu zuen Googlek izen hori.
Jasonek dio Googleren azken produktuak Javascript-en oinarrituta daudela, Gmail eta Blogger-en interfaz berria, adibidez.
Gainera, azken aldian Blogger-ek Mozilla gomendatzen du bere edukietara sartzeko eta aurtengo Mozilla Developer Day jaialdia Googlek Kalifornian dituen instalazioetan egin zuten. Badirudi Google eta Mozillaren artean zerbait egosten ari dela.
Duela gutxi NYPost-en ere irten zen artikulu bat gai honen gainean. Artikuluak dioenez, gainera, lehen Internet Explorer egiten aritu ziren lau lagun egon dira lanean Googlen.
Denborak esango du Gbrowser.com irtengo den ala ez, baina badirudi laster izango dugula horren berri.
Erantzunak kargatzen...