Teknologia albisteak

Asteazkeneko filmak (I): Omagh

Erabiltzailearen aurpegia
Xabier Mendiguren Elizegi - Egunen harian blogetik
2004-09-22 : 14:09

Gai politiko eta sarritan gordinak erakusteko joerari jarraituz, Pete Travisek zuzendutako "Omagh" filma iritsi zaigu Zinemaldiko sail ofizialera, izen bereko hirian egin zen atentatu odoltsuaren ingurukoa.

Irlandako gatazkaz

Irlandako gatazkaz

Omagh esan eta Hipercor esatea bezalatsuko zerbait da: izugarrikeria bat, gertatu behar ez zukeen zerbait, eta hildako mordo bat odoletan. Baina ez dezagun geure kasuaz hitz egin. Omagh-ekoa oso testuinguru zehatzean gertatu zen: 1998ko abuztuan, Ostiral Santuko bake akordioa sinatu eta gero, harekin bat ez zetozen IRAko kide batzuek taldea utzi, Benetako IRA sortu eta, prozesu hura lehertzeko asmoz-edo, bonba-auto bat jarri zuten Omagh hirian, abisuak gaizki egin zirelako edo poliziaren utzikeriaz 31 hildako eragin zituena.

Film honek hori dena erakusten digu, Mike Gallagher deritzan auto-mekanikari baten egiazko kasuaren bitartez. Gallagher-ek 21 urteko semea (Aiden) galdu zuen, garajean lankide era bazuena. Pott eginda geratuko da hasieran; gero, etxekoren bat galdutako senideen bilerara deituko diote, eta Omagheko bonbaren auto-laguntzazko taldearen bozeramaile bihurtuko da, ia ustekabean.

Biktimaren labirintoa

Biktimen nora eza bihurtzen da pixkanaka filmaren gai nagusia. Ikuspegi politikoa da nagusi inguruan, Bake Prozesua salbatu beharra, baina haiek beste fase edo beste uhin batean daude, ezinbestean: etxeko bat galdu dute, minduta daude, eta justizia eskatzen dute. Aldi berean, denbora aurrera doa, bizi beharra dago, eta etxean segitzen dutenekiko arreta edo axolagabeziaren arazoa planteatuko da.

Ikuspegi orokorra falta duela aurpegira dakioke filmari, baina berau egin dutenek alderdi hauxe kontatzea erabaki dute, lekukotasun gogor baina tranparik gabeko batean. Paul greengrass produktoreak legitimazio handia du horretarako, berak zuzendu baitzuen "Bloody Sunday" film ezaguna, XX. mendearen bigarren erdian borroka armatuaren itzulera ekarri zuen britainiarren izugarrikeria, nolabait esanda.

Ea Omagh-ekoa egiazko epilogoa den.

Egunen harian bloga

Erantzun

Sartu