Teknologia albisteak

Idazkuntza ikastaroa UEUn

Erabiltzailearen aurpegia
Mari Karmen Menika Basterretxea - UEU
2004-09-24 : 10:09

Ikastaro honen helbururik behinena euskara sakontzen laguntzea da. Sakontze horretan, batetik, testuaren zuzentasuna bermatzen duten gaiak aztertzea; bestetik, testuaren argitasuna zertan oinarritzen den jabetzea; bestalde, lexiko berria sortzeko baliabideak erdiestea; baita testu osoak idazteko teknikak eskuratzea ere; eta, azkenik, testu idatzi bat ahots gora nola irakurri ikastea.

UEUk eta ITZULIDATZ lan-taldeak eskaintzen dizuten Idazkuntza ikastaro honetan, alde batetik, testu zuzenak, egokiak, argiak eta aberatsak idazten ikasiko duzu. Baina, ugari direnez halako testuak idazteko zaindu beharreko alderdiak, hasiera batean xehetasunei heldu eta banan-banan jorratuko dituzu alderdi horiek guztiak. Eta behin Idazkuntzaren ikuspuntu zabal horretaz jabeturik, Idazkuntza-teknikak ikasi eta testu osoak idazteari ekingo diozu. Bestalde, testu idatzi batean oinarritzen den ahozko adierazpide zuzena egiteko tresnak eskuratuko dituzu.

Nori zuzendua

Ikastaro hau lanbidez nahiz zaletasunez idazteko premia izan eta EGA titulua edo maila bereko ezagutza duen edonori zuzendurik dago: argitaletxeetako zuzentzaileak, unibertsitate-irakasleak, goi-mailako ikasketak euskaraz egiten ari diren ikasleak, euskaltegietako irakasleak, Hezkuntzako maisu-maistra eta irakasleak, aldizkari eta egunkarietako kazetariak, esatariak, idazleak, itzultzaileak, idazkariak, filologoak, politikariak…

Iraupena: 2004ko urrriaren 5etik 2005eko maiatzaren 24ra.

Ordu-kopurua guztira: 171 ordu.

Ordutegia: Astearte eta ostegunetan, 16:30-19:45

Ikasle-kopurua: 20 lagun gehienez, 15 gutxienez.

Izena emateko epea: 2004ko irailaren 13tik 24ra.

Informazio gehiago: www.ueu.org

Erantzun

Sartu