"Nanoskopioa" ideia-lehiaketa jarri du abian Saretek erakundeak Elhuyar Fundazioarekin batera
Aurtengo Zientzia ete Teknologiaren asteko ekintzen artean Saretekek, euskal zientzia, teknologia eta berrikuntzaren sareak, Elhuyar Fundazioarekin batera, "Nanoskopioa" ideia-lehiaketa jarri du martxan lanbide-heziketako eta batxilergoko ikasleentzat.
Imajinazioa nagusi
Gehienez lau kideko taldeetan banatuta, ikasleek nanoteknologian ikertzen ari diren zientzialariak direla imajinatu behar dute eta gizarteari onura nabarmena egingo dion asmakuntza bat aurkitu dutela.
Partehartzaileek nanoteknologiako asmakuntza horren hormairudia aurkeztu behar dute lehiaketara. Proposatzen den asmakuntza horrek ez du zertan egiazkoa izan behar, imajinazioa baita gehien sarituko dena, egun dauden aplikazioetan oinarrituta egon arren. Lanak urrriaren 25a baino lehen bidali behar dira Elhuyar Fundazioaren egoitzara (Asteasuain, 14. 20170 Usurbil. Erref. Nanoskopioa).
Sariak
Lehen saria lortzen duen taldeko kideek PDA bana jasoko dute. Horretaz gain, probintzia bakoitzeko lanik onenek ikasgela osoarentzako ibilaldia jasoko dute sari gisa. Hiru ibilaldi egongo dira aukeran: Miramongo Zientzia Museora eta Gipuzkoako ikerketa-zentro batera bisita; Bilboko Itsas Museora eta Bizkaiko ikerketa-zentro batera bisita edo Gasteizko katedralera eta Arabako ikerketa zentro batera bisita. Nanoteknologiako adituek osatuko dute epaimahaia.
Erakusketan ikusgai
Jasotzen diren posterren artean onenak aukeratuko dira eta III. Zientzia eta Teknologiaren Asteko azaroaren 8ko eta 9ko jardunaldietan izango dira ikusgai Gasteizko Europa Jauregian egingo den erakusketan.
Informazio gehiago
Zalantzarik argitu nahi izanez gero edo informazio gehiagorako Elhuyar Fundazioko Aitziber Lasarekin jar daitezke kontaktuan partehartzaileak 943 36 30 40 telefonora deituz edota nanoskopioa@elhuyar.com helbide elektronikora idatziz.
Erantzunak kargatzen...