Aralia Tecnologias Digitales enpresak "YourMusic" sistema garatu berri du. Sistema berri honen bitartez, bezeroak nahi duen abestiekin osatu dezake CDa, ordenagailu eta Internet eskura izan gabe. "YourMusic" lehen denda uztailean zabaldu zuten Madrilen.
YourMusic
Musika kartara eskaintzen duen lehen sistema da YourMusic. Sistema berri honen bitartez, bezeroak nahi duen CDa egin dezake, ordenagailu eta Internet gabe. Katalogo batean biltzen diren kanten artean aukeratu daiteke. Katalogoak bilaketa eta aukeraketa sistema dauka. Gainera, liburuxkan testua eta irudiak egokitu ditzake bezeroak. Lehengo YourMusic denda uztailaren 18an inauguratu zen Madrilen.
Zerbitzu berria
"Musika kartara" izeneko zerbitzua eskainiko du Carrefourrek irail amaieratik aurrera. "YourMusic" sistemarenbitartez, datu base batean gordeko diren kantuak hautatzeko aukera izango du bezeroak; hala, gustuko kantuekin CDa egingo du.
Zerbitzu berria Fuenlabradako (Madril) Carrefour hipermerkatuan jarriko da martxan, irailaren amaieran. Gerora, 2004 urtea bukatu baino lehenago, Madrilgo beste hipermerkatu batzuetara zabalduko da. Sistema berria Carrefour eta "YourMusic" sistema garatu duen Aralia Tecnologías Digitales enpresen arteko akordio bati esker ezarriko da.
Katalogoa
Hipermerkatuko musika sekzioan kokatuko diren sei salmenta postutan egingo da abesti hautaketa, ukimen-pantaila baten bitartez. Estilo guztietako musika jasotzen duen disko-katalogoa egongo da beraietan. Katalogoan milioi bat abesti, 10.000 abeslari eta 100.000 disko batuko dira; eta horiei azken nobedadeak gehituko zaizkie. Diskoetxe handietako eta diskoetxe independentetako produktuak egongo dira.
Prezioa
Hautatutako abesti bakoitzaren prezioa 1 eta 1,5 euro artekoa izango da. Prezioa aukeratutako abesti kopuruaren eta abesti bakoitzaren "adinaren" araberakoa izango da.
Gainera, zerbitzua martxan jartzerakoan, kontuan izan dituzte autore eskubideak; sistema edo programak duen funtzio baten bidez, badakite zehazki zenbat aldiz saltzen den abesti bakoitza. SGAE-ko produktore fonografikoen erregistroan barneratu da "YourMusic" proiektua. Horrela, duen musika bilduma saltzeko beharrezko diren lizentzia eta baimen guztiak ditu. Saltzen dituen abesti bakoitzeko autore eta bestelako eskubide guztiak ordainduko ditu.
Irteera formatua
Bezeroak irteera formatua aukeratuko du: betiko Compact Disc kalitateko CDan edo MP3 formatuko CDan grabatu ahal izango da. Beste aukera bat izango da, MP3 erreproduzitzaile aparatu eramangarria dendara eraman eta bertara zuzenean pasatzea. Gainera, liburuxka eta karatula pertsonalizatu ahal izango ditu bezeroak.
Erantzun
Sartu