Oporretatik bueltan Sustatun izan genuen Espainiako futbol liga hasi zenaren berri Yahooren Superligaren bitartez. Pare bat jardunaldi igaro dira ordutik. Futbolak jende andana mugitzen duela esan ohi da. Internet bidezko apustu etxeak konturatu dira hortaz.
Sistema
Espainiako legediak apustu etxeen sorrera debekatzen du. Baina, eragozpenak gainditzeko, apustu etxeek jokoa legezkoa den herrialdeetan ezartzen dituzte zerbitzariak; gehienetan Ingalaterran.
Sare bidezko apustuetan parte hartzeko sistema erraza da. Adin nagusikoa behar du izan apustu egileak; honek aukeratzen duen webgunean kontu bat zabaldu behar du eta diru kopuru bat sartu. Diru horrekin egingo ditu apustuak agortu arte. Era berean, kontu horretan sartuko dira irabazitako sariak. Apustu sinpleetako minimoa euro batekoa izaten da eta konbinatuetan 0,001 eurokoa. Esan, apustu etxeek ludopata aitortuen zerrenda gordetzen dutela beren artxiboetan, ezin dezaten jokatu.
Kopuru adierazgarriak
Aipatu apustu etxeetako bat da Miapuesta.com. Datu adierazgarri bat: Espainiako futbol ligako bigarren jardunaldian 71.858 apustu jaso zituen eta 1.199.689 euro eskuratu zituen, soilik lehenengo mailako partiduekin. Miapuesta.com Sporting-bet britainiar enpresaren marka bat da. Sporting-bet-ek Londreseko Burtsan kotizatzen du eta 1.200.000 erabiltzaile ditu mundu guztian zehar.
Apustu etxeen webgune propioez gain, badaude etxe ugari biltzen dituzten webguneak; esaterako, Iapuestas.com. 2001 urtean sortu zen, eta egun, 5.300 bezero ditu erregistratuta. Eskaintza zabala du: 45 apustu etxe. Webgune honen bitartez, erabiltzailea aldi berean hainbat lekutan erregistratu daiteke. Futbolaz gain, beste kiroletan ere apustu egin daiteke: tenisa, saskibaloia, beisbola, hockeya, golfa, eskubaloia, motorra, errugbia, cricketa, atletismoa edota txirrindularitza. Hona apustu webgune batzuk:
Erantzun
Sartu