Teknologia albisteak
1

Johnny Ramone, agur eta ohore

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-09-16 : 19:09

Johnny Ramone, The Ramones taldeko gitarra jolea hil da Los Angelesen, 55 urterekin. John Cummings-i (hala zuen benetako izena) prostatako minbizia diagnostikatu zioten duela bost urte, eta gaixotasunaren ondorioz hil da.

Bere etxean hil zen atzo gauean, bere emaztea Linda eta hainbat rock izar ondoan zituela. Pearl Jam-eko Eddie Vedder, Red Hot Chili Peppers-eko John Frusciante eta Rob Zombie rockero egon dira ondoan, besteak beste.

The Ramonesen 30. urteurrena

Horiek guztiek The Ramones taldearen 30. urteurrena ospatzeko kontzertua eman zuten joan den asteburuan Los Angelesen. Johnny oso gaixo zegoen eta ezin izan zuen kontzertura joan, baina telefonoz helarazi zien bere mezua jarraitzaileei.

Estatua Johnnyren omenez

Gaur erraustuko dute bere gorpua eta hileta pribatua egingo dute. Hileta publiko bat egiteko asmoa ere badute eta, iturri batzuen arabera, bere omenezko estatua bat jarriko dute.

Rock punkeko banda garrantzitsuenetakoa

Johnny Ramone 1951ko urriaren 8an jaio zen eta 70ean rock punk mugimenduko bandarik garrantzitsuenetariko bat sortu zuen, Joe Ramone-rekin (Jeffrey Hyman) batera. New Yorken arrakasta handia lortu zuten eta Britainia Handiko rock punk taldeengan eragin handia izan zuten; Sex Pistols eta The Clash-engan, besteak beste.

Hiru Ramone hilda

Bandako abeslaria, Joey Ramone (Jeffrey Hyman) 2001ean hil zen, linfa-minbiziaren ondorioz. Dee Dee Ramone baxujolea (Douglas Colvin) hurrengo urtean hil zen, droga gaindosi bategatik.

Erantzunak

Jabi - sarean.com
2004-09-17 : 00:19

Ramoneen arterik ezatsegina zitzaidan bakarra zen tipoa. Amerikar nazionalista, "straight" homofoboa eta Reagan-en miresle antikomunista, amerikar ignorante ganorabakoaren paradigma. Rockaren negozioa eta dirua interesatzen zitzaion, hori bai, eta rock-aren izpiritu errebeldearen askorik ez zuen. Askoz maiteago nituen aurretik hildako beste Ramone-ak, Joey eta Dee Dee.

Erantzun

Sartu