Elhuyar Fundazioak III. Zernola Olinpiada jarri du abian DBH 1. eta 2. mailako ikasleentzat. Olinpiada urritik maiatzera egingo da, eta gela irabazleak Espejoko aterpetxean bi eguneko egonaldia irabaziko du, Arabako Foru Aldundiaren eskaintzari esker. Han, paint ball, kanoa, arku-tiroa eta abar luze bat egingo dute Aventura Sobrón taldearen laguntzaz. Izena emateko epea jada irekita dago.
Zientzia eta teknologia
Urrian, www.zernola.net atari berrituaren aurkezpenarekin batera, III. ZerNola Olinpiadari emango dio hasiera Elhuyar Fundazioak. Lehiaketa horretan, Euskal Herri osoko DBH 1. eta 2. mailako ikasgelek hartu ahal izango dute parte.
Ekimen horrekin, Elhuyar Fundazioaren helburua da gaztetxoek zientzia eta teknologiaz gozatzea eta jolastuz ikastea. Olinpiadan parte hartzeko epea jada irekita dago www.zernola.net atarian.
Hilero probak
Parte-hartzaileek www.zernola.net atarian argitaratuko den zientziaren inguruko proba bat gainditu beharko dute hilero, urria eta maiatza bitartean. Probak gelakide guztien artean egiteko dira. Erantzuna aurkitutakoan posta elektroniko bidez bidali beharko dute zernola@elhuyar.com helbidera.
Sariak
Hilabete bakoitzeko irabazleek Mantangorrik, Euskaltelek, Donostiako Aquariumek, Gaztetxulo aldizkariak, Miramongo Zientzia Museoak, Kukuxumusuk eta Karpin Abenturak eskainitako sariak jasoko dituzte: museoetarako sarrerak, koadernoak, kamisetak, DVDak eta abar.
III. Zernola Olinpiadako sailkapen nagusiko gela irabazleak, berriz, Espejoko aterpetxean bi eguneko egonaldia irabaziko du, Arabako Foru Aldundiaren eskaintzari esker. Han, Sobron Abentura taldearen laguntzaz, kanoa, paint ball, arku-tiroa eta beste hainbat jarduera egiteko aukera izango dute. Olinpiadaren bukaeran, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko aukera izango dute amaierako festa batean.
Gainera, aurten, gela irabazleek beren argazkia Berriako Mantangorri larunbateko gehigarrian argitaratua ikusiko dute, bai eta saria jaso duen lana ere. Honetaz gain, Mantangorrik hilabete bakoitzeko azken asteburuan hurrengo hileko proba argitaratuko du.
www.zernola.com webgunean eman behar da izena.
Aurreko edizioak
Lehenengo aldiz 2002-2003 ikasturtean jarri zen abian Zernola Olinpiada, eta Euskal Herriko 54 ikasgelak hartu zuten parte. Lehenengo hartan, Donostiako La Salle ikastetxekoak izan ziren garaileak eta Hondarribiko aterpetxean egin zuten bi egunetako egonaldia. Han, arraunean egin eta itsasontzian ibiltzeko aukera izan zuten gaztetxoek.
Bestalde, II. Zernola Olinpiadan guztira 92 ikasgela aritu ziren lehian. Irabazleak Gasteizko San Viator ikastetxekoak izan ziren, eta Urbasako Bioitza kanpinean asteburu bateko egonaldia irabazi zuten. Han, espeleologia, eskalada eta mendi-irteerak egin zituzten.
"Azken bi urteetan Zernola Olinpiadak izan duen arrakasta ikusita, aurtengo edizioan parte-hartzaile gehiago espero ditugu", dio Aitziber Lasak, Zernola atariaren arduradunak. "Gainera, Zernola bisitatzen dutenek ere berrikuntza ugari topatuko dituzte: itxura berria, ikasleek beren lanak zintzilikatzeko lekua, foroak, joko berriak eta abar".
Erantzun
Sartu