Teknologia albisteak

baleike.com: Informazio bizia

Erabiltzailearen aurpegia
Baleike Kultur Elkartea
2004-09-10 : 11:09

Baleike Kultur Elkarteak 10 urte bete ditu aurten. Beste hainbat ekitaldiren artean bere webgunea jarri du abian: www.baleike.com. Webgune parte-hartzailea da hau, Blog modukoa. Eta dagoenekoz arrakasta bizia du.

Baleike.com, zumaiarron Interneteko elkargune izateko helburuz jaiotzen da. Asmoa ez da informazio hutsa ematea, edo berriak argitaratzea, baizik zumaiarrok guri dagozkigun gaiak aztertzeko plaza irekia izatea. Informazio hutsa izan zitekeena, informazio partekatua eta bizia bihurtzen da horrela, edozeinek berriak argitaratu edo komentatzeko aukera izango duelarik.

Berriak

Hainbat atal ditu web gune honek, baina nagusia horixe da: Berriak. Bertan edozeinek argitaratu dezake berri bat, beti ere, errespetuz eta gutxieneko baldintza batzuk betez. Hori ziurtatzeko editore batek onartuko ditu erabiltzaileek bidalitako berriak, baina ez dugu espero inolako arazorik izango denik. Behin berri bat argitaratzen denean, web gunean erregistratuta dauden erabiltzaile guztiek posta elektronikoz jasotzen dute, horrela informazioa era bizian jasotzeko aukera dugularik. Baina sortzen diren berrien inguruko iritziak ere nahi ditugu. Horregatik, berri baten inguruan norberak bere iritzia emateko aukera du, eta baita iritzien gaineko iritziak ere, eztabaida bizi bat sortu eta ikuspuntu guztiak ezagutzeko helburuarekin.

Bestelako atalak

Agenda bat ere badago bertan, eta agendan edonork proposatu ahal izango ditu hitzorduak. Honetaz gain, inkesta bat eta egindako galderen inguruan iritziak emateko aukera ere utzi da. Bestelako informazioa ere eman nahi dugu web gune honetan, ez hain bizia, baino erabilgarria. Horretarako bestelako atal batzuk ere jarri ditugu erabiltzaileen eskura. Esaterako, Baleike aldizkaria eta Baleike Kultur Elkarteari buruzko informazioa. Bertan, Baleikeren hemeroteka osatu nahi dugu aldizkari guztiak erabiltzaileen eskura jarriz formatu digitalean. Eta baita zumaiarrentzat erabilgarria izan daitekeen bestelako informazioa: guardiako farmazien txandak, agenda, telefono interesgarriak, garraiobideen ordutegiak, eta baita Interneteko loturak ere. Horiek guztiak topatuko dituzue www.baleike.com -en.

Erantzun

Sartu