Sustatu logoa Teknologia albisteak

Atal berria: Jamaika ikusteko jaio gara

Sustatu - Sustatu
2004-09-06 13:09

Atal berria dauka Sustatu-k gaurdanik: "Jamaika ikusteko jaio gara". Interneteko erreferentziak, hitz bitan: zer-edo-zer ikusi, irakurri edo bisitatzeko gonbidapena, lotura batekin eta esaldi soil batekin. Horixe da atal honen funtsa.

Hemen ikus: http://www.sustatu.com/jamaika . Sustatu-ren azalean ere, argazkiaren azpian, leihotxo bat ere ireki diogu atal berriari.

Atal hau irekia dago aportazioetara. Sustatuko edizio taldeak gehituko ditu bere erreferentziak, baina edozeinek egin dezake: zeuon gehikuntzak zuzenean automatikoki agertuko dira Sustatuko Jamaika atalean, filtrorik gabe. Baina, horretarako, del.icio.us zerbitzuan oinarritzen denez aukera hau, han errejistratu beharko du zerbait idatzi nahi duenak, eta bertan gehitu erreferentziak.

Zein eratako erreferentziak ager daitezke Jamaikan? Praktikak esango du, baina di-da batean iragarpena merezi dezaketen kontuak izan daitezke. Adibidez:

  • Blog berria aurkitu dugu nikzerdakit.com dena-delakoan. Nahikoa da esatea: blog pertsonala euskaraz honek honela egina...
  • Notizia berri eta handia: zerbait gertatu da eta egunkari digital bateko albiste luzeagora lotura eskaintzen dugu.
  • Web polit bat aurkitu dugu. Zertarako komentario gehiago? Ikusi diseinudotorea.com, ze polita, dena arrosa, hain erromantikoa.
  • Urlia zutabegileak benetan ona idatzi du gaur Berrian... Klikatu, eta irakurri.

Interneteko erreferentziak gogokoetan gordetzeko modu berri bat da del.icio.us zerbitzuak eskaintzen duena, eta hartaz baliatu gara atal hau sortzeko. Gogokoak nork bere ordenagailuan izan beharrean, menu gero eta luzeagoetan, del.icio.us-ek erreferentziok online gordetzeko bide erosoa ematen digu. Eta, gainera, erreferentziak elkarren artean partekatzeko ere bai, tag edo sailkatze-gakoen bidez.

Orduan, zera da koxka: gehitu erreferentzia bat sustaturako gako-hitzarekin del.icio.us-en, eta zuzenean argitaratuko da Sustatun.

Instrukzio zehatzak, hasieran akaso gogorrak, hemen dituzue: http://www.sustatu.com/jamaika/nola . Behin praktika hartuta, oso erraz egiten da, nabigatzen dugun bitartean, erreferentzia bat Sustaturako (edo zure beste interes baterako) gordetzea. Baina del.icio.us-en balio nagusia ez da hori: Sustatuko Jamaika atal honetara ezer aportatzen ez baduzu ere, merezi du del.icio.us probatzea, eta zeure erreferentzia propioak bertan gordetzea.

Jamaika ikusteko jaio gara, Bob Marleyren ustezko esaldia, Zakilixuten edo Antton Olariagaren asmakuntza delakoan gaude; bietako batena, gure ustez. Hamaika Ikusteko, bestalde, Joxe Rojas euskal internautak aspalditik sarean daukan webgunearen izena ere bada.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu