Teknologia albisteak

Gipuzkoako erliebearen mapa digitala egingo du Diputazioak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-09-01 : 12:09

Gipuzkoako Foru Aldundiak 600.000 euro zuzenduko ditu Gipuzkoako erliebearen mapa digitala egiteko. Lidar Gipuzkoa izena du proiektuak eta probintziako eraikin, baso eta bestelako maila guztiak erregistratuko ditu.

Atzo aurkeztu zuen proiektua Koldo Azkoitia Diputazioko bozeramaileak, EFE agentziak jakinarazi duenez. Erliebearen azterketa airez garraiatzen den altimetro laser baten bidez egingo da eta Diputazioak orain duen mapa baino hamar aldiz hobea izango da berri hau.

Webgunean ikusgai

Urtebete barru amaituta egongo da erliebearen txostena. Azpiegiturak diseinatzeko edo lurralde-plangintzak egiteko erabiliko da txostena. Halaber, Foru Aldundiaren webgunean ere mapa kontsultatzeko aukera egongo da.

Ikerketa estrategikoko proiektuentzako laguntzak

Bestalde, Diputazioak 14,5 milioi euro zuzenduko ditu ikerketa estrategikoko proiektuak laguntzeko. Hain zuzen ere, Etortek sartuta dauden erakundeek burutzen dituzten proiektuentzat izango da diru laguntza.

Era berean, enpresetan firma digitala ezartzeko kanpaina aurkeztu zuen Azkoitiak. 25 langile baino gehiago dituzten Gipuzkoako 2.500 enpresak Internetez komunikatzeko aukera izango dute administrazioarekin eta herritarrekin. Proiektuak 547.000 euroko kostua izango du.

Erantzun

Sartu