Sustatu berrituta dator
Udako oporrak igaro ostean, itxuraldatuta bueltatu da Sustatu. Nabari denez, diseinu berria du webguneak: modernoagoa eta erabilerrazagoa. Argazkiak ere jasoko ditu hemendik aurrera. Halaber, hainbat hobekuntza tekniko izango ditu.
Diseinu berria
Diseinu modernoago eta erabilerrazagoa egiten saiatu gara. Asmatu dugun ala ez zuek irakurleok esan beharko duzue.
- Logoa. Logoa pixka bat aldatu bada ere, letratipoak berbera izaten jarraitzen du eta baita barruko letratipoa ere. Verdana da Sustatun gehien erabili dugun letra, hainbat azterketaren arabera, pantaila aurrean erosoen irakurtzen delakoan.
- Letratipoak. Letratipoei dagokienez, Izenburuetan dator berritasuna, Verdana bezala, serif-gabea den Trebuchet izenekoa sartu baitugu. Tamaina ere nabarituko zenuten handiagoa dela. Lehen letraren gorputza finkoa zen, 11 puntukoa. Orain berriz erlatiboa da eta erabiltzaileak berak aldatu ahal izango du bere gustuaren arabera, nabigatzailea konfiguratuta.
- Webgunearen egitura. Edukiari eman nahi izan diogu garrantzia, eta horregatik ipini dugu testua ezker aldean. Sustatuk ez du nabigazio zaila, eta irakurleari edukiak interesatzen zaizkio gehien, albisteak. Horregatik jarri ditugu webgunearen toki garrantzitsuenean, orrialdearen ezker eta erdialdean.
- Menua. Hau ere sinplifikatu egin dugu, eta lehen ezker-eskuin banatzen zena, orain zutabe bakar batean batu dugu eskuinean. Batez ere hilabete osoko egutegia ezabatzeak aldatu dio itxura orrialde nagusiari.
- Zabalera. Lehen pantailaren bereizmenera moldatzen zen Sustaturen zabalera, zabalera likidoa deritzona. Orain, berriz, 750 pixeleko zabalera du. Zergatik? Lerroen zabalera kontrolatua izateko. Kontua da zenbat eta lerro zabalagoak orduan eta zailagoak direla irakurtzeko. Zure pantailaren bereizmena edozein dela ere, Sustatu beti ikusiko duzu 750 pixeleko zabaleran, erraz irakurtzeko moduan.
Atal berria: argazkiak
Hemendik aurrera albisteez gain, argazkiak ere gehitu ahal izango dituzue irakurleok. Horrekin nahi izan dugu grafikoki piztu webgunea eta zuen partaidetza sustatu. Noiz edo behin, idazle sentitzen ez direnek bidaliko dute agian argazkiren bat. Hala ere, ez dugu eguneratze erritmo bizirik espero. Konformatuko gara astean behin edo birritan aldatuz gero. Argazkiren bat bidali nahi izanez gero, argazkia bidali izeneko atalean ageri diren hutsuneak bete behar dira.
Berrikuntza teknikoak
Estandarren bidea bultzatu nahian, Sustatuk ez du hemendik aurrera maketaziorako HTML taularik erabiliko. Maketazio guztia CSS estilo orri batean finkatzen denez, aparte dagoena, izugarri erraztu zaigu diseinua aldatzea eta funtzio berriak gehitzea.
Erabiltzaile arruntak nabarituko du webgunea arinago dabilela. Izan ere, hasierako orriaren pisua (irudi eta beharrezko elementu guztiak kontuan hartuta) %40 gutxitu dugu, teknika hauei esker. Argazkien atal berria gehitu ez bagenu, arindua %60koa izango zatekeen.
Erantzunak kargatzen...