Eusko Jaurlaritzako webgune guztiak berregin beharko dira
CyberEuskadin irakurri dugunez Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretuak Administrazio publikoak Interneten izan beharreko modeloa erregulatzen du. Dekretuak aurreikusten du zentralizatu gabeko gestiodun "webgune sarea".
Webgune guztiak Euskadi.net-en esekiko dira. Hala ere, azpi-domeinuak eduki ditzakete, kultura.euskadi.net, esaterako. Erabiltzaileak Euskadi.net-etik aurkituko ditu departamenduen webguneetarako sarbideak.
Homogeneotasuna
Modelo orokor eta koherentea izango du sareak, homogeneotasuna mantenduz. Webgune guztiek izango dituzte zerbitzu horizontal, erreminta, antolamendu arau eta estilo liburu berberak. Guztiak Lehendakariordetza ezarriko ditu.
Orain artean ez bezala, webgune guztiek aurkibide eta diseinu antzekoak izan beharko dituzte. Azken batean, jarraibide komunak izango dituzte.
Webguneak eta sistema berritzeaz gain, aditu ugari kontratatu beharko dira. Hau da webgune bakoitzak izango duen lantaldea: arduraduna, edukien editorea, katalogatzailea eta edukia onartzeko arduraduna.
Hizkuntza
Dekretuaren arabera, eduki guztiak, gutxienez, euskaraz eta gazteleraz landu behar dira. Bestalde, Azpidomeinuak izendatzeko erabili beharreko hizkuntza ez du zehazten.
Betebehar batzuk
Seguruak, doanekoak, erabilgarriak eta eskuragarriak izan beharko dira derrigorrez webgune berrituak. Bestalde, software librearen inguruan ez da ezer aipatzen. Hala ere, anexo baten ageri denez, Euskadi.net-eko zerbitzari guztiek bete beharrezko baldintza da Linux sistema operatiboa.
Bestalde, webguneak zabalkunde gehien duten nabigatzaile guztiekin ikusi ahal izango dira, Internet Explorer eta Mozilla kasu.
Erantzunak kargatzen...