Teknologia albisteak

Euskal galeoi bat Kanadan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-08-10 : 02:08

XVI. mendean Euskal Herrian egindako galeoi bat —era horretako laugarrena— aurkitu dute Red Bay badiaren inguruan, Labradorren, Kanadako ekialdean.

Azken aurkikuntza hau joan den hilean egin zuten Parks Canada erakundeko itsaspekariek Red Bay herrian, bederatzi metro itsaspean. Bi itsaspekari ari ziren baleen hezurrak bilatzen eta hara non aurkitu zuten euskal galeoia. Halaxe esan du The Globe and Mail egunkariak.

Galeoia aurkitu eta hurrengo bi asteetan Parks Canadako teknikariak argazkiak ateratzen aritu dira, alderatzeko zaharkin hauek lehendik aurkitutakoekin, eta ziurtatzeko azken galeoia ere Euskal Herrian egindakoa dela.

Baleak harrapatzen

XVI. eta XVII. mendeetan euskaldunek sekulako industria antolatu zuten Labrador eta Ternua inguruan, non 16 gune antolatu baitzituzten, han harrapatutako baleen koipea prozesatzeko. Handik ekarritako olioa Europako hiribururik handienetan saltzen zen, Brujas, Londres, Hanburgo eta halako hirien kaleak argitzeko. Laurogei urtean barrena euskaldunek milaka eta milaka balea hil zituzten inguru haietan.

1978an aurkitu zen euskaldunen kolonia hura Red Bay herrian, Labradorren, Selma Huxley ikertzaile britainiarraren lanari esker. Lehendabizi San Juan galeoia aurkitu zuten orduan, hango badiaren erdian, urpean. Badian bertan dagoen Saddle uhartean ere 140 gorpu aurkitu zituzten, euskal arrantzaleenak.

Erantzun

Sartu