Duela urtebete baino gehiago argitaratu zen Sustatun webgune batzuek euskara ezkutatzeko egiten zituzten amarruen albistea. Hainbat emailen eta urte bat pasa ondoren, webgune horietako batek euskara normalizatu du. Edukazioz presioa egiteak bere fruituak ematen dituela agerian geratzen da.
Aspaldi agertu zitzaigun Sustatun webgune batzuen jokaera bitxi hau argitara ematen zuen testua (euskarazko bertsioa izan eduki, baina inongo loturarik jartzen ez zutenei buruzkoa, eta helbidean letrak aldatuz sartu beharra zegoen euskaraz nabigatu nahi izanez gero).
Berehala SITNA webgunearen ordezkariekin jarri nintzen kontaktuan arazoa konpon zezaten eta beren jarreraren zergatia azal ziezadaten. Hiruzpalau email bidali genizkien elkarri eta azkenean, esan zidan eztabaidatuko zutela beren webgunearen hizkuntza politika.
Urtebete baino gehiago pasa denean, e-posta mezu bat iritsi zait esanez webgunea euskaraz ikusteko aukera erantsi dutela. Orain ez da inolako aldrebeskeria informatikorik egin behar euskaraz nabigatzeko, nahikoa da orri nagusian sartu eta "euskaraz" loturaren gainean klik egitea.
Ez du mundua aldatuko berri honek, baina nire ustez beste pausu txiki bat izan da euskararen alde. Presioa egiten jarraitzen badugu noizbait lortuko dugu euskara hizkuntza normalizatu bat izatea. Eutsi goiari eta jarrai dezagun horrela!
Erantzun
Sartu