Sustatu logoa Teknologia albisteak

eBay musika digitala saltzen hasiko da

Sustatu - Sustatu
2004-07-19 13:07

eBay da munduko denda birtualik handiena. Orain, arropa eta produktu elektronikoekin batera, musika saltzen hasiko da. eBay guneak musika erosi eta deskargatzeko aukera eskainiko du. Zerbitzua proban egongo da sei hilabetez.

ebay-ko bozeramaileak, Hani Durzy-k esan du: "Badakigu deskarga digitala dela hainbat produktu zabaltzeko erarik onena eta merkatu hori esploratu nahi dugu bideragarria den ikusteko."

Hornitzaile bat baino gehiago

eBay-k ez du esan nortzuk izango diren musika digitala salduko dutenak, baina debekatu egin du lehen deskargatutako musika saltzea.

Badirudi hornitzaile bat baino gehiagoren bitartez banatuko duela musika. eBay-k ez du bere zerbitzarietan kokatuko musika; erosleak beste webgune batzuetara eramango dituzte, han erosketa egiteko. Saltzaileek erabakiko dute musika eBay-ko enkanteetan jarri edo prezio finko batetan saldu.

Lehia saltzaile nagusiekin

Musika digitalaren merkatuan barneratu nahi du eBay-k. iTunes, Napster eta WalMart.com dira musika digitalaren merkatuan orain nagusi. Ikusi egin beharko da eBay-k zer-nolako harrera izaten duen saltzaileen eta erosleen artean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu