Sustatu logoa Teknologia albisteak

10 milioi euro baloi bategatik

Sustatu - Sustatu
2004-07-15 13:07

Zenbat gauza erosi daitezke 10.000.000 eurorekin? Bizi guztia igaro genezake lanik egin gabe. Gezurra badirudi ere, diru hori ordaintzeko prest dago futbol zale bat Beckhamek jaurtitako baloi bategatik.

Beckham futbolariak penalti bat kale egin zuen Eurokopako final laurdenetan, Portugalen aurka. Eta huts horren ondorioz txapelketatik kanpo gelditu zen Ingalaterrako selekzioa. Orain, Beckhamek penalti horretan botatako baloia jarri du enkantean Pablo Carral galiziarrak.

Kamiseta azpian ezkutatu zuen baloia

Carral Ingalaterra eta Portugalen arteko partidua ikustera joan zen Lisboara. Beckhamek harmailetara botatako baloia hartu eta, kamiseta azpian ezkutatuta, baloiarekin estadiotik irtetea lortu zuen. Tailandian eginda dago baloia eta partiduaren data eta lekua ditu idatzita. Kutxa gotorrean gordeta du baloia Carralek.

Uztailaren 22ra arte eskaintza egiteko aukera

Ebay gunean dago baloia enkantean. Momentuz, 139 eskaintza egon dira eta handiena 10 milioi eurokoa da. Baina, lasai, oraindik baduzue eskaintza handiagoa egiteko aukera, uztailaren 22an erabakiko baita nork eramango duen baloi preziatua.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu