Teknologia albisteak

Debabarreneko eskaintza turistikoa Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-07-21 : 11:07

Etzi (23) aurkeztuko da jende aurrean www.debabarrenaturismo.com webgunea. Eskualdeko garapen agentziaren eskutik dator atari berria, eta Debabarrena eskualdeko eskaintza turistikoaren berri emango digu bisitarioi.

Benetako Euskal Herria. Horixe da www.debabarrenaturismo.com webgune berriak duen leloa, eta horixe da webgunearen arduradunek aurkeztu nahi digutena, Debabarrena eskualdearen aberastasuna eta inguruak eskaintzen dizkigun aukera guztiak.

Webgunearen arduradunek adierazi digutenez, euren helburua da "teknologia berriak erabilita, gure ohiko promozioarekin heltzen ez garen tokietara heltzea eta promozioaren kalitatea hobetzea (informazio eguneratua)". Lehen fase honetako asmo nagusia eskualde mailan lan egitea da, inguruko biztanleei bertako ekitaldi eta produktuen berri emateko. Horrekin batera, beste turismo bulego batzuekin informazioa trukatzeko.

Webgunea bisitariei zuzenduta egon arren, hartzaile potentzialak eskualdeko biztanleria osoa, turismo sektoreak (turismo bulegoak, hotelak, jatetxeak...) eta komunikabideak dira.

Eskualdeari buruzko informazio ugari

Webguneak 4 atal nagusi ditu: Zer ikusi (eskualdeko gauzarik azpimarragarrienak), Turismo aktiboa (piraguismoa, surfa, mendi-ibilbideak...), Eskualdea (eskualdeko herri guztien informazioa), eta Ostatua, (eskualdeko ostatu guztien informazioa). Webguneak, gainera, albistegi bat, informazio atal bat eta ekitaldi-agenda bat ere baditu.

Eskualdeko turismo arduradunen arabera, "Debabarrena eskualdeak duen dohain garrantzitsuenetariko bat kokapena da. Euskal Herri erdian egotea eta komunikazio sare ona edukitzeak asko esaten du gure alde". Debabarrenean Euskal Herri osoan topatu ditzazkezun osagaiak daude: mendia, itsasoa, paisaia, tradizioak, kutura, jaiak, industria... Eskaera handiena duten baliabideak hondartzak, mendi ibilbideak eta landa turismoa dira. Eibarrek beste arrazoi batzuengatik ere bisitari asko jasotzen ditu urtean zehar, negozioak, erosketak...

Bisitari gehien ingurukoak

Turismo bulegoetako datuei begiratuz, euskal erkidegoko bisitariak dira gehien etortzen direnak. Estatu mailan Katalanak eta Madrildarrak dira nagusi. Eta Atzerritarren artean frantsesak hurbiltzen dira gehien. Dudarik gabe barne-turismoa da garrantzitsuena, gehienbat euskal kostaldea ikusten daudenak.

Debegesa Garapen Agentzia

Webgunearen arduraduna Debegesa da, Debabarreneko Garapen Agentzia. Turismoaren garapena eskualdean Dinamizazio Plan batean oinarritua dago. Plan honen lehen hirurteko fasea burutu da honezkero eta orain onartu berri da datorren hiru urteetako ekintzak zuzenduko dituen plan berria (2004-2006). Dinamizazio Plan horren helburu bat promozio turistikoa da. Plan horren barruko lehentasunen artean sartu da webgune berri hau egiteko egitasmoa. Hurrengo urteetarako asmoa webgunea hobetzea da, atal berriak sortuz eta gutxinaka gutxinaka merkatua zabalduz.

Turismoa erakartzeko informazio iturri tradizionalak ere mantendu beharra dago (diptikoak, katalogoak...), baina gero eta gehiago dira oporraldia Internet bidez prestatzen dutenak.

Beste Web Euskaldun Bat: www.debabarrenaturismo.com.

Erantzun

Sartu