Teknologia albisteak

Musika mp3 formatuan erosteko aukera Metaken webgune berrituan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2004-07-09 : 15:07

Metak diskoetxeak webgune berria aurkeztu du gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Hainbat hobekuntzen artean, musika Mp3 formatuan salgai jarri dute. Lau hizkuntzatan dago webgunea eta, besteak beste, disko berrietako kantuak bertan entzuteko aukera ematen du.

www.musikametak.com webguneak informazio mardula eskaintzen du taldeen inguruan: talde bakoitzari buruzko azalpen testua, diskografia, kantuen hitzak, argazkiak, taldekideak, kontaktua, kontzertuen agenda, mp3ak entzuteko aukera, bideoak, e-postalak, ordenagailurako pantaila irudiak...

Mp3ak Metakideentzat

Metakeko katalogo guztietako disko eta kantu solteak mp3 formatuan eros ditzake "Metakide" denak. Asier Zulueta Metakeko komunikazio saileko arduradunak zera esan digu:"Teknologia berriei satanizazio hori kendu nahi izan diegu berritasun honekin. Orain artean, oso sentsazio positiboa eduki dugu; webgune guztiz martxan jarri aurretik 30-35 disko oso saldu baititugu mp3-an".

Batetik, formatu horrek musika merkeago eta azkarrago erosteko aukera ematen du eta, bestetik, banatzailerik ez dagoen herrialdeetara ere iritsi nahi dute horrela, Finlandiara, adibidez.

Disko osoak (azalen diseinua biltzen duen PDF artxibo batekin batera) 6 eurotan eta kantu solte bakoitza euro batean. Metakide izatea doan da eta abantaila hauek eskaintzen ditu:

  • Metaboletinak aldiro berriak emateko
  • Diskoen aurrerapenak entzuteko aukera
  • prezio merkeagoak dendan
  • mp3ak erosteko aukera
  • eskaintza bereziak

Webgune eleanitza

Metak-en lan esparrua ez da Euskal Herrira mugatzen; munduko bazter ezberdinetan banatzen dituzte diskoak eta zaletu horiek webgunera jotzen dute informazio bila. Hori dela-eta, lau hizkuntzatan dago webgunea: Euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez.

"Informazio zuzena"

Metaken katalogo guztia streaming bidez entzun daiteke kalitate mugatuarekin, zaletuek diskoetxeko lan berriak ezagutzeko aukera izan dezaten. Eta interesgarria irudituz gero, erosteko aukera ere badago dendan.

Baina, Metakekoek ez dute nahi webgunea denda edo eskaparate soila izaterik: "Informazio zuzena eman nahi diegu musika zaleei eta gure taldeen eta entzuleen arteko bitartekari bakarrak izan. Horretarako sortu ditugu, adibidez, Metaboletinak".

www.musikametak.com

Erantzun

Sartu