Izozmendiaren ederra!
Izozmendiak ikaragarriak izan daitezke gogoan izan izozmendi batek hondoratu zuela Titanic itsasontzia, baina baita zoragarriak ere. Gaur azken horietako bat erakutsiko dizugu.
Denboraz larri bazabiltza, zoaz zuzenean testu honen bukaerara, klik egin argazkian (Izozmendia.jpg) eta gozatu ikuskizunaz. Izozmendi hori Atlantiko Itsasoan aurkitu zuten, Ternua inguruan, eta Global Marine Drilling enpresako eledunek adierazi dutenez, 300 milioi tona inguru pisatzen du.
Non sortzen dira izozmendiak?
Izozmendiak izotz masa ikaragarriak dira, Iparburu eta Hegoburu aldeko hormaguneetatik askatzen dira eta itsasoan ur gainean doaz. Horrelaxe dio Lur Hiztegi Entziklopedikoak.
Hegoburuan izozmendi askoz gehiago izaten da (%93) Iparburuan baino, eta handiagoak dira (8 km. luze eta 45 m. garai izan daitezke). Ur gainean ageri den izotz koskoa, ordea, izozmendiaren bederatzirena baino ez da izaten.
Iparburuko izozmendiak Groenlandian sortzen eta Ternua inguruan biltzen dira, Labrador golkoko ur lasterrak bultzaturik. Hori da argazkiko izozmendiaren kasua. Hego hemisferioan, ostera, Hegoburuko ur lasterraren hegoaldean biltzen dira gehienak.
Itsasketa galarazten dutenez, itsasontzi asko dabilen tokietan leherkariak erabiltzen dira izozmendiak puskatzeko.
Albiste honen egitura
Konturatuko zinen, irakurle, albiste hau arin horietakoa dela, garrantzi gutxikoa. Baina argazkiak merezi zuela iritzita, ausartu egin gara Sustatura ekartzera eta, horretarako, egitura berezia eman diogu: itxaron gabe albistearen bukaerara, lehen paragrafotik eman dizugu aukera argazkian klik egin zenezan, nahiz eta jakin hori eginez gero seguruenik ez zenuela gainerako guztia irakurriko. Hori egin baduzu, gu pozik, hori baita legea sare dontsu honetan.
Hala ere, horrelako argazki batek zerbait gehiago eskatzen duenez (ez baita egia irudi batek mila hitzek adina balio duela, bestela non dago Konfuzioren irudia, berari egozten baitzazio esaldi hori?), seguruenik, itzuli egingo zinen albistera, eta irakurtzen jarraitu. Eta hori egin baduzu, gu are eta poziago, gure amuak ondo egin duelako bere lana.
Erantzunak kargatzen...