Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bilboko kaleak beteko dira Athletic-eko kamisetak direla-eta ?

Sustatu - Sustatu
2004-06-16 19:06

Aste honetan uniformeen inguruko berriak iritsi zaizkigu: Alde batetik, Athletic taldeak UEFAn erabiliko duen diseinuzko kamiseta; bestetik, Estatu Batuetako armadak gudarako erabiliko duen uniforme modelo berria. Biak hala biak berritzaileak, ezberdinak eta diseinuzkoak. Armadakoenak ez du sortu ika mikarik, baina Athletic-ekoak manifestatzera ere atera du jendea.

Berritasunak

Soldaduek gudan erabiliko duten uniforme berria aurkeztu zuen astelehenean Estatu Batuetako armadak. Uniformeak dituen marrazkiak hirigunerako, deserturako zein basoetarako kamuflaia egokia ei du.

Armadako buruzagien esanetan, uniforme berria Iraken probatu dute soldaduek; horrela, praktikoagoa egiteko proposamenak jaso dituzte.

Itxuraz, uniforme berriak duen marrazkia da zeresan handia piztu duena. Kamuflaia marrazkiak mantxa batzuk ditu (beig, gris eta berdeak). Orain arte, egoerari egokitutako uniformea janzten zuten. Orain berriz, uniforme berbera erabiliko dute eremu guztietan. Oinarrizko hiru eremu ei daude: basoa, desertua eta hirigunea.

"Lehoiak Milkako behi bihurtu dira?" zioten kalean

Eta Bilbon? Astelehenean aurkeztu zuten Athletic-en uniformea; UEFAn erabiliko du talde zuri-gorriak. Esandakoa, astelehenean aurkeztu zuten kamiseta berria, eta Athletic-en webgunean adierazten denez, dagoeneko zaletu ugarik erakutsi du kamiseta eskuratzeko eskaera.

Bilboko taldeak, nola ez, zuri-gorri izaten jarraitzen du. Baina, klasikoak diren marrak desagertu dira. Fondo zuriarekin, orban gorriek betetzen dute kamiseta. Athletic-en webgunean ikus daiteke kamiseta. Dario Urzay pintoreak diseinatu du.

Manifestazioa

Aldeko eta kontrako iritziak azaldu dira; beraz, eztabaida piztu da. Esaterako, Athletic-eko zale batzuk manifestazioa deitu dute bihar goizerako Ibaigane-n, kamiseta berriaren aurkako jarrera erakusteko. Interneteko foroetan ere iritzi ugari jasotzen ari dira, adibidez, aupaathletic.com-eko foroan.

Talde zuri-gorriko jokalari batzuk ere eman dute beren iritzia. Etxeberriari eta Aranzubiari ez zaie kamiseta gustatu; Gurpegik, aldiz, kamiseta berria janzteko irrikan dagoela azaldu du.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu