Teknologia albisteak

Musikaire prest dago, webgune eta guzti

Erabiltzailearen aurpegia
Musikaire
2004-06-15 : 14:06

Gaur aurkeztu da Bilbon Musikaire, Udako Jaialdiak Elorrion. Zazpigarren aldi honek 100.000 euroko aurrekontua izango du, eta 20 ekitaldi eskainiko ditu asteburuetan. Gaur gero, Musikairek webgune bat izango du.

Aurten 20 ekitaldi antolatu ditu Musikairek —iaz baino bost gehiago—, denak asteburuetan eta aire zabalean, aprobetxaturik Elorriok dituen paraje eta eraikin paregabeak: baselizak, jauregiak, elizak, herriko plaza eta elizpea.

Hogei jaialdi horietan musika klasikoa entzungo da, musika etnikoa, jazza eta antzerkia. Edo antzerki eta dantza talde zenbait, Biarritzko Balleta esate baterako. Beherago ikus dezakezue egitarau osoa. Guztira 200 bat artista bilduko dira Elorriora.

Musikaire prestatzeak lan handia dakar: 30 lagun arituko dira buru-belarri eginbehar horretan. Kostoa ere, kontuan hartzekoa du: 100.000 euro (16.600.000 pta.). Ikusleak, berriz, 5.000 bat espero dira.

Hau guztiau, gainera, sarean ikusi izango da Musikaire.com webgunean, zeinek gaur bertan ireki baititu ateak. Webgune honetan internautak aurki ditzake aurtengo jaialdien berri, programazioa barne. Baita Elorrioren historia, datu geografikoak, herriko jatetxe, hotel eta landetxeen zerrenda, harremanetarako helbide bat, eta Musikaireri laguntzen dioten enpresen eta erakundeen zerrenda. Hori guztia, jakina, euskaraz eta gaztelaniaz.

Bezeroaren iritziak

Joan den udan Musikaireko antolatzaileek erabaki zuten kontuan hartu behar zela jaialdietara etortzen zen jendearen iritzia. Horregatik, prestatu zuten galdetegi bat, eta jendeari eman betetzeko iazko jaialdirik jendetsuenean.

Jende askok erantzun zuen, eta handik ateratako ondoriorik behinenak hauek dira:

  • Nor den gure bezeroa. Gure jaialdien bezeroa pertsona heldua da, 40 urtekoa, Elorriokoa, eta musikazalea.
  • Komunikabiderik eraginkorrena. Oraingoz esku programa da komunikabiderik eraginkorrena, etxez etxe banatzen dena Elorrioko etxe guztietan. Jende gehienak horien bidez izaten du jaialdien berri.
  • Formula egokia. Jendea oso pozik dago Musikairen gaur egun duen formularekin.
  • Mazedonia gozoa. Jendeak kontzeptu hau balioesten du gehien, mazedonia, ulertuta kultura eskaintza ugari eta askotariko moduan.
  • Nola hazi. Haztekotan, Debagoienean (Gipuzkoan) eta Durangaldean (Bizkaian) hazi beharko litzateke Musikaire.
  • Ordaintzeko prest. Jende gehiena prest dago zerbait ordaintzeko Musikairen.

Zazpi urteko esperientzia

Izen berriarekin orain urtebete plazaratu bazen ere, Elorrioko Uda Jaialdiak orain zazpi urte hasi ziren, Arriola Kultur Elkarteak bultzatuta. Hasieran esperimentu hutsa izan zen, bihozkada batean oinarritua: zergatik ez aprobetxatu Elorriok dituen paraje zoragarriak musikaz gozatzeko?

Urtea joan eta urtea etorri, esperientzia indartu egin da eta gero eta arrakasta handiagoa izan du. Antolatzaile taldea zabaldu egin da, musika motak ireki eta jendea ere, ugaritu.

EGITARAUA 2004

Ekainak 18, ostirala
Casajara jauregian (22:30) HERMANAS IVON & IVET FRONTELA RICO (Kuba)
Ekainak 19, larunbata
herriko plazan (egunean zehar) KULTURA AZOKA
Ekainak 19, larunbata
Lourdesko koban. (22:30) KILEMA (Madagaskar)
Ekainak 25, ostirala
Argiñetan. (22:30) WAGNER PÁ - BRAZUCA MATRACA (Brasil) LOGELA (Multimedia ikuskizuna) (Euskal Herria)
Ekainak 26, larunbata
parkinean. (22:30) BIARRITZ BALLETA “Omenaldia Errusiako Balletei” (Euskal Herria)
Ekainak 27, igandea
frontoian. (20:00) LES BOUFFONS TEATRO “Minuta Pecata” (Alacant)
Ekainak 27, igandea
elizan. (22:30) PHILADELPHIA YOUNG PERFORMERS ORCHESTRA (Ameriketako Estatu Batuak)
Uztailak 02, ostirala
San Jose baselizan. (22:30) MICATONE (Alemania)
Uztailak 03, larunbata
elizpean. (22:30) LOGELA “Ohe Handi Bat” (Euskal Herria)
Uztailak 04, igandea
frontoian. (20:00) PEP CALLAU I ELS PEPSICOLEN “Marremango” (Katalunia)
Uztailak 09, ostirala
San Agustin elizan. (22:30) MOSKUKO GANBERA ORKESTRAKO BAKARLARIAK (Errusia)
Uztailak 10, larunbata
elizpean. (22:30) TEATRO MERIDIONAL “Cyrano” (Madril)
Uztailak 11, igandea
frontoian. (20:00) PIKOR Y ZANGUANGO TEATRO “Al fondo a la derecha” (Euskal Herria)
Uztailak 16, ostirala
elizpean. (22:30) SAVINA YANNATOU & PRIMAVERA EN SALÓNICO (Grezia)
Uztailak 17, larunbata
Berrio-Otxoa kalean. (22:30) LEWIS TRIO (Kuba)
Uztailak 18, igandea
frontoian. (20:00) LA BANDA “La Banda” (Euskal Herria)
Uztailak 23, ostirala
elizan. (22:30) VOX VOCIS (Madril)
Uztailak 24, larunbata
elizpean. (22:30) NASS MARRAKECH (Maroko)
Uztailak 25, igandea
elizpean. (22:30) “SUGAR URDINAK” TXINAKO FOLKLORE TALDEA
Uztailak 30, ostirala
Tola jauregian. (22:30) ORQUESTRA AUS DER WELT (Europa-Amerika)
Uztailak 31, larunbata
elizpean. (22:30) XABI SAN SEBASTIAN (Euskal Herria)

Erantzun

Sartu