Sustatu logoa Teknologia albisteak

Antso Jakituna Fundazioak euskal ondarearen liburutegi digitala sortu du

Sustatu - Sustatu
2004-06-11 10:06

Antso Jakituna Fundazioak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, 3.000 izenburu inguru bildu ditu liburutegi digitalean; 800.000 irudi ere ikus daitezke sarean. Euskal ondare bibliografikoa helaraztea du helburu ekimenak.

Dokumentu eta irudiak

Estreinatu berri duten Euskal Liburutegi Digitalaren Atariaren bitartez, Arabako Antso Jakituna Fundazioaren euskal funts bibliografikoko 3.000 titulu eta 800.000 irudi inguru ikusi daitezke. Gainera, aurrera begira, obra berriak gehituko dira. Sareratu diren liburuetatik 1.800 euskaraz idatzitako eskuizkribuak dira.

XV. mendetik 1934 urtera arteko dokumentuak aurkitu daitezke liburutegi digitalean. Ez dago azken 70 urteotako obrarik, Jabetza Intelektualen Legeak babesten baititu eta ezin dira Internet ezarri. Antso Jakituna Fundazioaren asmoa da obra gehiago sareratzea; Fundazioaren funts digitalean 4,5 milioi irudi eta beste 8.000 titulu daude. Oraingoz Gasteizko egoitzan (Zulueta Jauregian) bakarrik kontsulatu daitezke.

Erabiltzeko erraza

Euskal Liburutegi Digitala profesional taldeei zein herritarrei zuzenduriko ataria da, erabilera erraza eta azkarra duena. Bilaketak alfabetikoki edo bilatzailearen bidez egin daiteke. Obra bakoitzaren fitxak haren ezaugarri orokorrak jasotzen ditu: izenburua, egilea, data, hizkuntza, etab. Fitxatik liburuaren orrialde bakoitzean sartu daiteke; bertan tamaina handitzeko, gordetzeko edota inprimatzeko aukera dago.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu