Teknologia albisteak
3

Non ligatu Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2004-06-16 : 11:06

Internet erabiltzaile guztien %31k erabiltzen dute sarea ligatzeko. Eta zenbaitek arrakasta handiz, zeren internauten %17k sarean ezagutu zuten beren bikotekidea. Baina non eta nola egiten da hori?

Aspertuta zaudela Txitxarro dantzalekura joaten, gogorik ez duzula kopak hartzera joateko betiko lagunekin, apaldu zaizula grina San Antoniori bikotekidea eskatzeko? Saia zaitez Interneten, ez zara bakarra izango eta.

Sarean adin eta era guztietako profesionalak ari dira bikotekide bila. Hainbat psikologok dioten bezala, Internet beste komunikazio bide bat besterik ez da, eta hemen ere betiko moduak erabiltzen omen dira lagunak egin eta ligatzeko.

“Sarean ez duzu aukera handiagoak izango ligatzeko —diote espezialistek—. Betiko moduan, hori zure nortasunaren arabera joango da, zenbaterainoko autoestimua duzun… Lige birtualak ere landu egin behar, bizitza errealean bezala. Jendeak gauza asko asmatzen ditu ziberespazioan, edozein dantzaleku edo hitzordutan legez, non bi pertsona elkartzen diren lehen aldiz, elkar limurtzeko asmoz”.

Zaila euskaraz ligatzea

Euskaldunok ez dugu ospe onik izan ligatzeko orduan, motz samarrak omen. Eta badirudi ziberkulturak ez dituela gauzak hobetu. Izan ere, oraindik ez dugu aurkitu webgune bat ere, non euskaldunok murgil gaitezkeen lagun bila, Axularren hizkuntzan, ez bada, txat hauek erabilita:

Hala ere, gaur egun euskaldun asko elebidunak gara, edo bi nahiz hiru hizkuntzaren jabeak, eta horrek ate asko irekiko dizkigu, baita ligatzeko orduan ere.

Non ligatu

Bospasei webgune emango dizkizugu, proba egin nahi baduzu:

  • Love.com Ingelesez dago, eta aukera agortezina du, parada eskaintzen du-eta AOL America Online zerbitzuaren 50 milioi erabiltzaileengana iristeko.
  • Match Gune honek hainbat hizkuntzatan egiten du lan, eta 12 milioi erabiltzaile omen ditu munduan zehar.
  • Meetic Espainiako datu baserik handiena omen du, ezkongabeen gainean. Hainbat hizkuntzatan.
  • Jugones.net Beraiek diotenez, ligatzeko txatik onena dute. Hor kontua izaten da mezuak bidaltzea eskuko telefonotik, webgunean ager daitezen. Bertan 1.000tik gora lagunek ikusiko dituzte egunero. Gaztelaniaz.
  • Celibazone.com Frantsesez.
  • Serencontrer.com Hau ere frantsesez.

Gune bat aukeratzen duzunean, lehenengo eta behin asmatu izen-deitura aproposak, ez baduzu erabili nahi zure benetakoak, eta ikusi besteek nola aurkezten duten bere burua. Ondoren, erabaki nola aurkeztuko duzun zeurea, eta bete horretarako eskura izango dituzun orriak.

Zenbait aholku

Inoiz ez baduzu ligatu ziberespazioan, gogoan izan aholku hauek:

  1. Ez eman zure datu pertsonalik (telefonoa, helbidea…), harik eta zure solaskidea nolakoa den ondo ezagutu arte.
  2. Hitzordua egiten baduzu, inoiz ez geratu toki pribatu edo urrunetan. Hobe aukeratzen baduzu taberna edo kafetxe bat.
  3. Jende askok gezurra esaten du nolako itxura duen. Ez pentsa Sandra Bullock edo Brad Pitt aurkituko dituzunik.
  4. Hasi aurretik, garbi izan zer nahi duzun aurkitu.
  5. Bikotekidea bilatu barik, saiatu lagunak egiten.

Erantzunak

ikaskide
2004-06-16 : 16:49

Ikaskide.com ikasle eta gazteentzako atariak Lagun bila atala estreinatu berri du eta bertan bikotekideak bilatzea posible da.



Atal hau erabiltzaileen eskarien ondotik jarria izan da gure webgunean eta www.ikaskide.com beste arrazoi batzuengatik sortua izan arren badirudi egia dela euskaldun askok ligatzeko erabiltzen dugula internet.

Luistxo
2004-06-17 : 11:09

Lehengoan lagun batek galdetu zidan zerrenda batean Orkut sare sozialaz, ea zertarako balio zezakeen. Zera erantzun nion:


Nik uste dut Orkut-ek ligatzeko balio dezakeela, sexurako... Premisa batekin, aurpegia eta izena emanda ligatzeko, ez kontaktu-tabloi anonimoaren estiloan.


Ez dut esperientziagatik esaten... Ni ez nago Orkuten ligatzeko: nire izen, deiturekin, aurpegiarekin, lanpostuaren eta familiaren deskripzioarekin nago han, eta punto. Ikusteko sartu nintzen, ikusi dut, eta bueno, ligatzeko balio dezakeelako konklusio horretara iritsi ondoren, ba bueno, nire kontua ez du inork kantzelatu orain artean.


aisianet
2004-06-17 : 12:00

AISIA.net web gunean gaztetxoentzat beste aukera bat dago: txutxu muxuka txat gaztea


Txat hau Lagunarteko Hizkerarekin Jolasean programaren barruan eskaintzen ditugu eta 12-16 urteko gaztetxoei zuzenduta dago. Ostegunero eta ostiralero arratsaldez edozeinek sartzeko aukera dauka.


Erantzun

Sartu