Xarmadun hotelak Euskal Herrian
Oporrak prestatzen ari bazarete, beharbada komeni zaizue jakitea zenbat hotel dauden Hego Euskal Herrian xarma berezia dutenak. Madrilgo argitaletxe batek horietako 11 izendatu ditu gure artean. Txikiak dira, arkitektura eta dekorazio berezia dute, eta zerbitzu aparta.
Urtero bezala, El País-Aguilar argitaletxeak atera du aurten ere Hoteles con Encanto liburua, non agertzen diren 246 hotel, Espainian zehar barreiatuta. Horietako 11 Hego Euskal Herrian daude: Araban eta Gipuzkoan launa, Nafarroan bi, eta Bizkaian bakarra.
Fernando Gallardo kazetariak osatu du zerrenda hau, eta horretarako aintzat hartu ditu hotelen arkitektura, dekorazioa eta zerbitzuen kalitatea. Guztiek ere 50 gela baino gutxiago eduki behar dituzte.
Araban
Lau hotel xarmadunak agertzen zaizkigu Araban, denak Errioxan. Hauek dira:
- Antigua Bodega de Cosme Palacio. Guardia herrian dago, harresitik kanpo, Eltziegora bidean. Mahastiez inguratua.
- Castillo El Collado. Guardia herriaren barruan, XX. mende hasieran eraikitako gaztelu txiki batean.
- Posada Mayor de Migueloa. Hau ere Guardia herrian, XVII. mendeko etxe batean.
- Palacio de Samaniego. Samaniegon bertan, XVI-XVII mendeetan egindako jauregi batean.
Bizkaian
Herrialde honetan hotel bakarra agertzen zaigu xarmadun hotelen artean.
- Mendi Goikoa. Axpen dago, Durangotik zortzi bat kilometrora. Anbotoren magalean, non isiltasuna entzuten baita.
Gipuzkoan
Gipuzkoak ere lau hotel ditu maila honetakoak, denak kostaldean.
- Caserio Pikamendi. Getarian. XIX. mende erdian eraiki zen baserri hau, itsasoari begira.
- Jaizkibel. Hondarribian. Arkitektura berrikoa, eta ondo hornitua sarean-eta konektatzeko.
- Obispo. Hau ere Hondarribian, baina XIV-XV mendeeko jauregi gotiko handi batean.
- Pampinot. Hondarribiko kale nagusian, XVI. mendeko jauregi batean. Eredu bikaina jakiteko zer den xarmadun hotel bat.
Nafarroan
Nafarroan bi hotel ageri zaizkigu, bikainak txikien artean.
- Donamariako Benta. Donamarian, XIX. mendeko etxe handi batean.
- El Peregrino. Garesen, Done Jakue bidean bertan.
Erantzunak kargatzen...