Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2003ko txostena aurkeztu du Donostian eginiko prentsaurrekoan. Bertan 737 kasu bildu dira eta horietarik, 727 herritarrek bidalitako informazioaz osatutako eta Behatokiak bideratutako espedienteak izan dira: 642 kexa, 23 txalotze eta 17 kontsulta. Kontseiluaren Idazkari Nagusiak, Xabier Mendigurenek azpimarratu du herritarrek Euskararen telefonoa zerbitzua kexak helarazteko erabili dutela, aurreko urteetan bezalaxe.
Behatokiaren zuzendariak, Juan Inazio Hartsuagak 2003ko txostenaren ondorio nagusiak azaldu ditu:
- Iazko txosten honek aurreko bi urteetako txostenek eman zituzten ondorio nagusiak guztiz berretsi ditu.
- Euskal Herriko herrialde guztietan urratzen dira hizkuntz eskubideak.
- Euskal Herriko administrazio maila guztietan urratzen dira hizkuntz eskubideak.
- Hizkuntz eskubideak urratzea ez da soilik, Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsala oinarri duen eta Behatokiak bere egin duen, gizakien eta hizkuntz komunitateen arteko berdintasun printzipio nagusia urratzea. Kasu gehien-gehienetan administrazioek berek onartutako eta beraien lurraldeetan indarrean dagoen hizkuntz legedia ere ez dute betetzen.
- Kasu batzuetan, hizkuntz eskubideaz gain oinarrizko eskubide batzuk ere urratzen zaizkie herritarrei: berdintasunez hartua izateko eskubidea, informazioa hartzeko eskubidea, etab. Bestalde, administrazioaren aldetik delitu zehatzen zantzuak dituzten kasuak ere aurkitu ditugu: bereizkeria, prebarikazioa, etab.
- Estatuz gaindiko arauak ere urratzen dira.
- Nafarroa Europako kontraeredua da eta gutxiagotze instituzionalaren bideari jarraitzen dio.
- Frantziako Errepublikak Euskal hiztun komunitateari eskubideen subjektu izaera aitortu behar dio, bai eta eskubide kolektiboak aitortu ere.
- Hizkuntz eskubideen bermerako mekanismo juridiko administratibo berezitu eta azkarra ezarri beharra dago, gertatutako lege urraketei aurre egin eta haiek zuzentzeko.
- Hizkuntz eskubideen urraketa zabal eta sistematikoak euskal hiztunek euren hizkuntz eskubideez duten pertzepzio subjektiboan du eragina.
Xabier Mendigurenek adierazi du egoera hau ikusita, hurrengo larunbatean Iruñean Hizkuntz Eskubideak! Denon konpromisoa egingo den manifestazioan parte hartzea beharrezkoa dela.
Txosten osoa www.kontseilua.org webgunean aurki dezakezue.
> Xabier Mendigurenek adierazi du egoera hau ikusita, hurrengo larunbatean Iruñean Hizkuntz Eskubideak! Denon konpromisoa egingo den manifestazioan parte hartzea beharrezkoa dela.
------ Hurrengo zapatuan izango da Iruñean. Golem zinematik hasiko da manifestazioa arratsaldeko 17:30ean.