Ostegunean, ekainaren 3an, 25 urte beteko dira guardia zibil batek Gladys del Estal militante antinuklearra hil zuela. Gladysen lagun eta burkide batzuk bildu dira eta Gladys Gogoan Batzordea eratu dute. Batzordearekin batera, webgunea ere egin dute.
Duela 25 urte, 1979ko ekainaren 3an, Tuteran hil zuen guardia zibil batek Gladys del Estal donostiarra. Lurraren eguna ospatzen ari ziren egun horretan, nazioarteko erakunde ekologistek eta antinuklearrek deituta. 23 urte zituen Gladysek hil zutenean, eta hilketa salatzeko hainbat mobilizazio izan ziren hurrengo egunetan.
Gladys hil zuen guardia zibilari zuhurtzigabekeria leporatu zioten eta, guztira, 18 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten.
Gladys borroka ekologistaren ikurra bihurtu zen. Orain, 25 urteren ondoren, Gladys Gogoan Batzordea eratu dute Gladysen lagun eta burkide batzuek, Eguzki talde ekologistarekin batera.
Batzordea osatu dute Gladys gogoratzeko asmoz, ez martiri edo mito gisa, baizik eta irauten duen borrokaren sinboloa delako. Eta ez tristeziaz, indarrez eta itxaropenaz."
Batzordearekin batera, webgunea ere eratu dute. Gladys Gogoan webgunean, http://www.nodo50.org/gladysgogoan hainbat informazio dago, bai Gladysen heriotzaren inguruan, bai mugimendu ekologistari buruz.
Historia, argazkiak, agenda eta beste hainbat kontu ere biltzen ditu webguneak. Foroa ere badago, nahi duenak parte har dezan.
Erantzun
Sartu