Greenpeacek "The day after tomorrow" pelikularen webgunea kopiatu du, parodia eginez. Ostiralean estreinatuko da pelikula Hego Euskal Herrian; aldaketa klimatikoak planetan duen efektu hondatzailea kontatzen du filmak. Greenpeacen parodian "The day is today" da pelikularen izenburua.
Tornadoek Los Angeles inguratzen dute, elurrak Nueva Delhi isolatzen du eta txingorrak Tokio suntsitzen du. Hori da "The day after tomorrow" pelikulak kontatzen duena. Baina, biharko egunean baino, gaurkoan kokatu du pelikula Greenpeacek, "The day is today" izenburuarekin. Greenpeacen "pelikularen" zuzendariak Esso Exxon eta Exxon Mobil dira; ekoizlea, berriz, George W. Bush. Pelikularen trailerrean benetako gertaerak agertzen dira, efektu espezialik gabe, eta zeluloideko fantasia gainditzen dute irudiek.
Nazioarteko kanpaina martxan
Webgunean Greenpeacek martxan jarri duen nazioarteko kanpainaren berri ematen du. Kanpainarekin lortu nahi dute negutegi efektua eragiten duten gasen isurketa gutxitzea, erakundearen iritziz "horiek baitira klima aldaketa eragiten dutenak".
Bush jotzen dute errudun
Grabaketetan eta irudi galerietan azken hamarkadetako anomalia klimatikoek eragindako hondamendiak agertzen dira: hartz polarrak gosez hiltzen, laku lehorrak, haizerauntsiak, uholdeak eta baso-suteak, besteak beste.
Greenpeacek Bushen administrazioa jotzen du "aldaketa klimatikoaren errudun eta arduradun nagusi, Kiotoko Protokoloa blokeatzen duelako". Erakunde ekologistak dioenez, "protokolo hori da arazo larri horri aurre egiteko nazioarteko mekanismo bakarra".
Norbaitek fikziozko pelikularen berri jakin nahi badu, hemen helbidea: www.thedayaftertomorrow.com
Erantzun
Sartu