Maiatzaren 27, 28, 29 eta 30ean Umore Azoka ospatuko da Leioan. Mundu osotik etorritako berrogeita hamar konpainiak hartuko dute parte; arte eszenikoen profesionalak izango dira Azokan. Bestalde, ACT Nazioarteko Antzerki Eskolen Jaialdia ospatuko da ekainak 1 eta 5 bitartean ospatuko da, Bilbo eta Barakaldon.
Umore Azokaren barne, 4 egunetan zehar, Leioan 120 ekitaldi egingo dira. Hamaika kaleko eszenatoki izango dira herrian eta guztira, 10 estreinaldi aurkeztuko dira.
Topagune
Umore Azoka 2004k aurkezten duen egitarauaren kalitateaz gain, antolatzaileek eta kolaboratzaileek Leioako Azokak duela 5 urte jaio zenetik ezagutu duen etengabeko hazkundea azpimarratu dute. Azoka hau arte eszenikoetan parte hartzen duten gizarte-eragileen erakustoki eta topagune izateko asmoarekin jaio zen.
Edizioz edizio handitu egin da bertan parte hartzen duten konpainien kopurua; baita Umore Azokara hurbiltzen diren arte eszenikoen profesionalen eta maitaleena presentzia ere.
Hartu-eman kulturalaz gain, Leioako Umore Azoka zirko, antzerki eta dantza ikuskizunen elkartrukerako gunea da. Beraz, Azokak herria bertako eta kanpoko profesionalen eta ikuslegoaren elkargunea da.
1996an lehenengoz
Leioako Udaleko Kultura Arloa 1996tik ari da antolatzen Umore Azoka. 1999. urtera arte, ikuskizunak barruan (eraikinen barruan) egiten ziren.
Lortutako arrakastak animatuta, 2000. urtean apustu berria egin zen, eta Kaleko Artisten Umore Azoka sortu zuten. Horrela, bada, eta 2000. urteaz geroztik, Leioa kaleko umore antzerkiko konpainia, programatzaile eta zaleen topagune eta eszenatoki bihurtzen da lau egunez.
Aurtengo edizioko egitarau osoa eta Azokaren gaineko informazio gehiago www.umoreazoka.org wegbunean eskuratu daiteke.
ACT Nazioarteko Antzerki Eskolen Jaialdia
ACT jaialdiak, bere lehenego edizio honetan elkartruke esparru ahal bezain aberatsa sortu nahi du. Erakusketa eta irakaskuntza arloek osatuko dute eszena irakaskuntzan lanean diharduten zentruen nazioarteko jaialdi hau.
Europa mailako eskolak
Europa mailako eskola ospetsuek hartuko dute parte, hala Oportotik ACE (Academia contemporánea do espectáculo), Scuola del Teatro Stabile di Torino, Amsterdamgo eskolak, Londongo Central Saint Martin, Madrildik RESAD eta Bartzelonatik Institut del Teatre
Aktoreentzako ikastaroak emango dituzte Alemania, Italia edo Canadako pedagogoek. Eta ikuslearentzat oso erakargarri izango diren emanaldiak izango dira.
Inaugurazio festa
Inaugurazio festan Scuola del Teatro Stabile di Torino-k "Inferno" lan ospetsua taularatuko du. Gainera, "Chico y Chica" musika talde bilbotarak Status disko jaioberriaren aurkezpena egingo du Arriaga antzokian. Egun hori bukatzeko, Arenalean Trans-form-ACTion performancea egingo da. Informazio gehiagorako: www.bai-bai.net
Erantzun
Sartu