Sustatu logoa Teknologia albisteak

Bilalan.net:lan merkatuan euskaraz

Sustatu - Sustatu
2004-05-19 11:05

Euskalkidetza elkarteak lan bilatzailea ezarri du sarean. Bai lan bila dabilenari eta bai langilea bilatzen dabilenari zuzendutako zerbitzua eskaintzen du orain gutxi estreinatutako webguneak. Alde batetik, lan eskaintzak kontsultatzeaz gain, lan bila dabilenak curriculuma ezarri dezake on-line; eta bestetik, langilea behar duen enpresak dagokion lan eskaintza argitaratu dezake.

Lan eskaintzak

Lan eskaintzak biltzen dira webgunean; lan merkatuko arlo ugaritako lanpostuak, hain zuzen. Lan eskaintza bakoitzaren gaineko informazioa eskaintzen da: udalerria, lanpostuaren deskribapena, arloa, eskaintzaren data, lanposturako eskatzen dena…

Eskaintza bat gogoko izanez gero, bilalan.net webguneak aukera ematen du enpresarekin harremanetan jartzeko; mezu bat bidaliz eta norbere posta elektronikoa edo telefonoa ipinita.

Curriculuma

Lan eskaintzak argitaratzeaz gain, interesatuak bere curriculuma bidali dezake. Gainera, curriculumen gaineko informazio zerbitzua dago on-line. Atal honetan curriculuma eta lan elkarrizketen gaineko edukia jasotzen da: Curriculumaren osagaiak, kontuan hartu beharrekoak curriculuma egiterakoan, curriculum vitaea: eredua; eta lan elkarrizketak.

Hautatze prozesuak

Enpresa batek behar duen langilearen bilaketa eta hautaketa prozesuaz ere arduratzen da Bilalan.net. Hau da, lanpostuaren beharretara egokien molda daitekeen langile euskalduna hautatzeko probez, elkarrizketaz eta gainerako prozesuaz arduratzen dira. Esparru honetan bi urteko esperientzia dute. Informazio gehiagorako: bilalan@bilalan.net

www.bilalan.net webgunea Euskalkidetza Kooperatibak jarri du martxan. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala, Arrasateko Udala eta Beasaingo Udalaren laguntzaz abiarazitako zerbitzua da bilalan.net.

www.bilalan.net

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu