Britainia Handiko BBC katearen webguneak izan dira aurtengo Webby sarietako irabazleetako batzuk. Asteazkenean eman zuten sarien berri antolatzaileek. BBCrekin batera, Google eta "Fog of War" dokumentalaren webgunea izan dira sarituak, besteak beste.
Sareko albistegirik onenaren saria BBCk eraman du. Al-Jazeera ere sari horretarako izendatua zegoen, baina ez du irabazi. Beste bi sari ere lortu ditu BBC kateak; hezkuntza arloko webgunerik onenarena www.bbc.co.uk/science/humanbody webgunearekin eta kiroletako webgunerik onenarena http://news.bbc.co.uk/sport-ekin.
Google bilatzaileak, bestalde, bi sari lortu ditu: zerbitzu onena eta praktika onenaren kategorietan. Pelikula onenaren atalean, Fog of War dokumentalaren webguneak jaso du saria. Kategoria horretarako izendatua zegoen, besteak beste, Dogville pelikularen webgunea.
Webby sarien bederatzigarren aldi honetan, estatubatuarrak ez diren 29 webgunek finalista izatea lortu zuten. Frantziako www.colette.fr webguneak irabazi du modaren atalean; webgune pertsonalen kategorian, berriz, Japoniako www.raku-gaki.com izan da saritua.
Alemaniako bi webgune ere izan dira sarituak: www.map24.com enpresa meritu teknikoen alorrean eta www.carstuckgirls.com webgune "arraroen" kategorian.
Estatu Batuetako Arte eta Zientzia Digitalen Akademiako 480 bat kidek eta hainbat pertsona famatuk osatutako epaimahai batek aukeratu dituzte irabazleak. Epaimahaikoen artean zeuden David Bowie musikaria, Oracle enpresa handiko Larry Ellison eta The Simpson marrazki bizidunetako sortzailea, Matt Groening.
Hemen Webby sarietako irabazle guztiak.
Erantzun
Sartu