Maiatzeko liburu zaparrada
2004-05-17 10:05
Buruz kontatuta, eta exhaustiboa izateko asmorik gabe, egile hauexek bururatzen zaizkit, liburu berri bana atera dutenak:
- Poesian, Jon Gerediaga, Castillo Suarez, Edu Zelaieta, eta Paddy Rekalderen beste bat, ateratzeko dagoena.
- Ipuingintzan, Josetxo Azkona, Eider Rodriguez, eta ateratzekoak diren Galder Garro eta Karlos Linazasoro.
- Saiakeran, Joxe Manuel Odriozola, Fermin Etxegoien (eta, aforismoak zaku honetan sartuz gero, Juan Kruz Igerabide ere bai).
- Eleberrietan, Iñaki Irasizabal eta argitaratzear diren beste bi behintzat: Fernando Morillo eta Mikel Zubeldia.
Izango dira beste batzuk ere, ahaztu zaizkidanak edo ezagutzen ez ditudanak. Otsailetik hona bitartean banatuxeago ateraz gero hobe zatekeen, seguru asko, bai irakurleentzat, bai idazleentzat, bai argitaletxeentzat, baina hemen ere, beste kontu askotan bezala, nahi bezala ez baizik ahal bezala egiten dira gauzak.
Pilatuta bada ere, udan lehortea izango dela gogoratuta, ez da aukera txarra ondoko hiletako irakurgaiak aukeratzen eta eskuratzen joateko. Ezagutzen ditudanak kontuan hartuta, esango nuke asko eta asko direla merezi dutenak.
Krisiak krisi, sormena bizirik dagoela.
X.
Erantzunak kargatzen...