Jesus Larrañaga, Arrasateko kooperatibetako sortzailetariko bat, atzo hil zen Arrasaten, 78 urte zituela. Orain urte batzuk giltzurruneko transplantea egin zioten, eta airoso segitu zuen lanean, baina azken urte eta erdian makal ibili zen osasunez.
Jesus Larrañaga 1926an jaio zen Arrasaten eta, umea zela, zuzenean bizi izan zituen 1934ko iraultzaren ondorioak Arrasaten, orduko Casa del Puebloren ondo-ondoan bizi baitzen. Lehen mailako eskola gainditu eta gero, Unión Cerrajera enpresaren Escuela de Aprendices delakoan egin zituen lehen ikasketa teknikoak, eta han ezagutu zuen On Jose Maria Arizmendiarrieta abadea, gerora kooperatiben sortzaile izango zena.
Lehen kooperatiba
1956an, beste lau lagunekin batera Luis Usatorre, Alfonso Gorronogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Jabier Ortubai Ulgor kooperatiba sortu zuen Arrasateko San Andres auzoan, eta han hasi ziren berogailuak-eta produzitzen.
Horrela kontatzen ditu une haiek orduko lekuko batek: On Jose Maria eta Ormaetxea oinez abiatu ziren Lanbide Eskolaren (gaur egungo Mondragón Eskola Politeknikoa) erakin zaharretik Laxarteko lursaileetara joateko. Bertan lurzati bat zuten erosita metro karratua berrogeita bost pezetan ordainduta. Ormaetxeak lurrok pausoka neurtzeko ardura zuen eta hamabost egun eta hamabost egun geroago Arrasateko Esperientziaren lehen produkzioplanta eraikitzen hasi zen: 750 metro karratuko hormigoizko pabiloi bat bi alturatan banatuta.
1955etik 1963ra Ulgorreko zuzendari komertziala izan zen, ordurako Fagor marka sortua zutela. 1964an Enpresa Dibisiora pasatu zen, gaur egungo LKSra, Euskadiko Kutxan. 1970ean, berriz, Ulgorreko kudeatzailea izan zen, eta 1981ean zuzendari Fagor taldearen nazioarteko operazioetarako.
Kooperatibetan erretiroa hartu eta gero, AENOR erakundeko sortzaile eta lehendakari izan zen. Halaber, zuzendu zituen hainbat elkarte, zerikusia zutenak etxeko tresna elektrikoen eta elektronikaren industriekin.
Lan ugari
Jesus Larrañagak asko idatzi zuen, gehiena gaztelaniaz. Hala ere, Arrasate Press sortu eta gero, hasi zen han ere kolaboratzen, euskaraz.
Bere liburuen artean, bi aipatuko ditugu:
Hileta elizkizunak gaur, larunbatez, egingo dira, arratsaldeko 19:00etan, San Frantzisko elizan, Arrasaten. Goian bego!
Erantzun
Sartu